Interneten igerian, gaurko artikuluari buruz zer eta nola idatzi inspirazio bila nenbilela, zera ikusi dut: «Zero Day telesailak, Robert de Niroren pantaila txikiko lehen lan protagonistak, ez du espero zena bete». Esaldiak nire pentsamenduak hezurmamitu ditu bete-betean, baina, tesia baino zerbait gehiago zor dizuedala badakidanez, nire argumentuak ondoko lerroetan garatzera noakizue.
Netflix plataforman ikusgai dagoen Zero Day, sei atalez osatutako telesail laburra, intriga handiz espero zen fenomenoa zen; izan ere, historiako aktore onenetarikotzat hartua dagoen Robert de Niro telesail batean ikustea ez da egunero topa daitekeen zerbait. De Nirok Amerikako Estatu Batuetako fikziozko presidente ohi George Mullenen papera egiten du, gainera, eta telesailaren laburpenak thriller politiko baten aurrean jartzen gaitu. Beraz, osagai horiekin guztiekin, normala zen jendea horren esperoan egotea.
Hainbat gauzatan asmatu eta beste hainbatetan huts egiten du telesailak. Asmatu dituenetatik hasiko naiz: hasteko, luzera aldetik oso egokia iruditu zaidala esan beharra dago. Beste telesail batzuen azpitrama eta atal puztu eta gehigarriekin alderatuta, egia da Zero Day-k murrizte-lan bikaina egiten duela, ikuslea minutu bakar batez lasai utzi gabe. Aktore-zerrenda ere txalotzekoa da: de Niroz gain, Jesse Plemons —Fargo, Breaking Bad—, Lizzy Caplan —Mean Girls—, Joan Allen —The Notebook, Bourne— edota Connie Britton —The White Lotus, American Horror Story— topa ditzakegu, besteak beste. Zuzendaritzaren arabera aktoreen lana hobetu edo kaskartu daitekeen arren, egia da hain ibilbide oparoa duten langileak barruan izate hutsa jada kalitate-bermea dela.
Transzenditu nahi horretan huts egiten du, nire uste apalean, lan honek. Aurrekaririk gabeko zibereraso bat du oinarri tramak, eta eraso horren atzean ezkutatzen diren arrazoiei moralina merke kiratsa darie. Halaber, uste dut telesailak indarra galtzen duela hainbeste gauza maila berean jarri nahian: zibererasoaren plano politikoa, Mullenen memoria-arazoen plano psikologikoa, maitalearen plano morbosoa… Baina, batez ere, de Niro sei orduz pantailan izateko pribilegioa ondo aprobetxatu ez izana egotziko nioke: Mullen askoz ere pertsona interesgarriagoa izan zitekeen.