Sitgesko zinema jaialdiko (Herrialde Katalanak) hiru film lerro hauetan, Sitgesera joan gabe: Rich Flu eta Daniela Forever Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ikusiak; eta Handtering av udode (Ez-hildakoekin jokoan), Meliseko Urrearen irabazlea, Filmin plataforman. Azken hori da hiruretatik finena. Nahiz eta zaila egiten den hiruretako edozein pasioz gomendatzea, badute zer aipatua.
Nacho Vigalondoren Daniela Forever, esaterako, zinemagilearen ibilbideko lanik eskasenetakoa da. Ametsekin egiten du amets. Ustez, gizon batek bizi duen depresio egoera kontatzen du istorioak: istripu batean bikotekidea galdu zuen, lur jota dago, eta botiken esperimentu batean parte hartuko du. Pilula bat hartzen duen gau bakoitzean, nahi duena amesteari ekiten dio, eta amets horietan beti aurkitzen du galdu zuen bikotekidea, Daniela. Zuzendariak pantailaren neurriarekin jokatzen du, gaueko ametsa ala eguneko errealitatea aldagaitzat hartuta. Bide lisergiko batean galduta dabil pelikula momentu askotan, zenbait unetan etsipenera eramanez ikuslea. Baina badu detaile txiki politen bat: kontrako norabidean joaten diren itzalak, kasurako. Aipatzekoa da Nahikari Ipiña eta Leire Apellaniz Euskal Herriko ekoizleak daudela egitasmoaren atzean, eta filma ia osorik ingelesez dela.
Ingelesez da Rich Flu ere, Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilearen azkeneko filma. Eta horretan ere kontrako norabidean doaz itzalak, baina zentzu metaforikoan: birus hilgarri bat zabalduko da planeta osoan, baina soilik aberats-aberatsei eragiten die. Horrek zer eragingo du? Aberatsek haien ondasunak suntsitzea, diru ondasunak beste batzuen eskuetan uzten saiatzea. Tartean, harrapatuta geldituko da istorioko protagonista: Laura Palmer [Ez, lasai, hau ez da Twin Peaks telesailaren atal bat]. Lan egiten duen konpainiako jabeak —Timothy Spall handia— akzio batzuk utziko ditu haren esku, eta ezinbestean ihes egin beharko du. Familiarekin egingo du ihes: amarekin, alabarekin eta banantzeko prozesuan den senarrarekin. Kontua da itsasoan barna Afrikarako bidean doazela Mediterraneo itsasoan errefuxiatuen uharte batera helduko direla. Hartaz, aberats zuriak Afrikara ihes egiteko asmotan dira, han aberatsen birusak kalte gutxiago egin duelakoan. Ihesaldia (eta itzalak), kontrako norabidean. Filmaren osagai ederrenen artean Aranzazu Callejaren musika dago.
Klase sozialen borrokari heltzen dio berriz ere Gaztelu-Urrutiak, El hoyo-n bezala. Eta baditu Rich Flu-k une gorabeheratsu batzuk, baina azken partean nahikoa interesgarri bilakatzen da istorioa; kasik isilago dabiltzanean pertsonaiak, hitz jarioan dabiltzanean baino. Ikusi beharko da pelikulak zinema aretoetara eta plataformetara jauzi egiten duenean nolako harrera duen. Baina Bilboko zuzendariaren markak ez dira nolanahikoak: Netflixen, El hoyo eta El hoyo 2 munduan gehien ikusi diren lehen zintak izan dira.
Berpiztutakoak zaintzen
Zonbien edo hilen artetik berpizten diren izakien inguruko film oso berezia da Thea Hvistendahl zuzendariaren Handtering av udode —gidoilari aritu da orain arte; adibidez, Border sarituan—. Beldurrezko generoaren barnean, kontrako itzalak bilatzen dituela esan daiteke. Hil ostean, bizirik ageri dira mutiko bat, adin ertaineko emakume bat eta adineko beste andre bat. Haren ingurukoak sufritzen dabiltza, haiek zaintzen, ahal duten moduan. Ez da ezusteko bortitzik behar, ez da efektu kolperik behar. Bere isiltasunekin eta pertsonaien begiradarekin egiten du istorioak aurrera —nahiz eta izango den ikusle bat baino gehiago mantsoa irudituko zaiona—. Eta pelikulak interpelatu egiten du ikuslea, halako egoera batean zer egingo lukeen galdetuz bezala. Sotila da horretan. Sitgesen saritua izan aurretik, Sundanceko jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Funtsean, zonbien film naturalista interesgarri bat da, gorearen arrastorik gabe. Drama bat, (ez) hildakoen itzalekin.