urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Itoren kutxa beltzak

2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Miarritzeko (Lapurdi) VII. Fipadoc nazioarteko jaialdian dokumental onenaren sari nagusia irabazi duen lana gogorra bezain interesgarria da, mingarria bezain hunkigarria. Dokumentalean, Shiori Ito kazetariak berak kontatzen du nola 2015ean Noriyuki Tamaguchi kazetari boteretsuak —Tokyo Broadcasting System taldeko arduradun ohia Washingtongo bulegoan eta Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohiaren gertukoa— bortxatu egin zuen, hotel batean. Itok kontatzen du zer-nolako oztopoak izan zituen bortxaketaren salaketa egiteko, auzibidean aurrera egiteko, eta zer mehatxu eta mespretxu jasan zituen. Horrez gainera, azaltzen du Japonian duela gutxira arte zer legedi izan duten indarrean bortxaketak zigortzeko —bortxaketa batengatik jarritako zigorra txikiagoa zen, poltsa bat lapurtzeagatik ezarritakoa baino—.

Black Box Diaries (Kutxa beltzen egunerokoak) du izenburu Itoren dokumentalak. Filmin plataforman ikus daiteke —Hego Euskal Herrian—, eta martxoaren 12an Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Frantziako zinema aretoetara iritsiko da. Gaur gauean, dokumental onenaren Oscar saria irabazteko hautagaia da. Baina saria irabazi zein ez, arreta merezi duen lana da. Filmak 58 herrialdetan estreinatzeko banatzailea aurkitu badu ere, Japonian bertan ezin izan dute estreinatu areto komertzialetan.

Shiori Ito kazetariaren 'Black Box Diaries' dokumentala
Shiori Ito kazetaria, 'Black Box Diaries' dokumentalean. FILMIN

Ausardiaz jokatu du Itok egia kontatzeko ahaleginean. Bortxaketaren ostean, Itok erabaki zuen dena dokumentatu behar zuela: Polizian egindako salaketak, eta polizia agenteekin izandako solasaldiak grabatu zituen sakelako telefonoarekin, bere beldurrak eta ikerketan bizitakoak bildu zituen idatziz, audio bidez eta irudiz. Kazetaria da bere istorioaren protagonista, kontalaria eta biktima, aldi berean. Izan ere, Itok bazekien ez zutela sinistuko frogarik eduki ezean.

Dokumentalaren egileak nabarmendu du bortxaketaren gaia tabua izan dela Japonian: «Bortxatzen dituzten emakumeen %4k baino ez dute salaketa aurkezten polizia etxean. Biktimak estigmatizatu egiten dituzte, eta gizartetik baztertu egiten dituzte sarri. Nire familia ere egiten ari nintzenaren aurka zegoen».

Badira filmean hainbat une esanguratsu: batean, Polizia bortxatzailea atxilotzeko zorian da, baina, halako batean, polizia agenteek dei bat jasotzen dute —«goitik»— atxiloketa ez egiteko aginduarekin. Beste une bat hunkigarria da oso, eta Ito agertzen da emakumezko kazetari japoniar batzuekin batera. Haietako batek kontatzen du aspaldi jasan zuela bortxaketa bat, baina ez zuela salatu gertatu zenean. Denek eskertzen diote Itori egindakoa, eta filmeko protagonistak negar malkotan itzultzen dizkie esker hitzak emakumezko kazetariei.

Shiori Ito kazetariaren 'Black Box Diaries' dokumentala
'Black Box Diaries' dokumentalaren fotograma bat. FILMIN

Dokumentalean agertzen den moduan, Itok lehenbizi liburu batean kontatu zuen bizitakoa, 2017an: Black Box —ez dago euskarara itzulita—. «Barne funtzionamendu iluna duen sistema baten modukoa litzateke kutxa beltza. Eta Japonia kutxa beltzez betetako herrialdea da. Kutxa horiek irekitzen hasten zarenean zer gertatzen den deskubritu nuen», kontatu du kazetari japoniarrak.

'Black Box Diaries' dokumentalaren trailerra.

Oihartzun handia izan zuen liburuak. Eta, 2019. urtean, epaiketa irabazi zuen Itok. Hori gutxi balitz bezala, bortxaketen inguruko legea aldatu dute Japonian —aurrekoak 110 urte zituen—. Herrialde horretako Me Too mugimenduaren eredu eta erreferentzia bihurtu da Ito, baina oztopo ugari aurkitu zituen bidean. «Bortxatzea arima hiltzea da», dio filmaren egileak. Filmak Japonian banatzailerik ez aurkitzea ere bortxaketa modu bat da.

Fuji TVn gertatutakoak

Beste bortxaketa batek hautsak harrotu ditu Japoniako telebista munduan: urtarrilaren 27an, Fuji TV telebista kateko presidente Koichi Minatok dimisioa aurkeztu zuen, Masharo Nakai aurkezleak kate bereko aurkezle bat 2023ko ekainean bortxatu, eta enpresak gertaera isilarazi zuelako. Fuji TVko zuzendaritzak 560.000 euro eman zizkion biktimari, auzibidean jarrai ez zezan, Shukan Bunshun aldizkariak argitaratu zuen informazioaren arabera. Nakaik aitortu zuen «akordio bat» egin zutela biktimarekin. Auzi horrek ekarri du dozenaka enpresak publizitate kontratuak haustea Fuji TV katearekin. Argitaratu diren beste informazio batzuen arabera, «abusu sare bat» egon da kate horretan. Hau da, Nakairen bortxaketa ez da kasu bakan bat izan.

Black Box Diaries dokumentalean entzuten den moduan, Itorena ere ez da kasu bakan bat, baina kazetaria gai izan da jasandakoa munduari kontatzeko. Ea gaur gauean Oscar saria lortzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.