benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Ispilu beltza

2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arazoak dituzte dronearekin; euria ari du kanpoaldean eta seguru asko urak kableren bat busti du. Bunkerrean dauden hiru soldaduetatik nagusienak 60 urte inguru izango ditu. Ezkutalekutik irten da dronea konpontzen saiatzeko. Mugimendu arriskutsua da, etsaia haiek zelatatzen baitago. Bunkerra aurkituz gero, lekua bonbardatuko dute, eta defentsarako puntu garrantzitsua desagerrarazi.

Gazteenak bere lehen misioa gogoratu du. Bideojoko bat zirudien arren, bere eskuekin kontrolatzen ari zena benetako drone hiltzailea zen. Pantailaren beste aldean zegoen soldadu ezezaguna hiltzea zen haren misioa. Eskuak urduritu zitzaizkion botoia lehen aldiz klikatu aurretik. Gaur egun, dronearen laguntzarekin 500 soldadu hil dituela aitortu du. Hainbeste heriotzaren ondoren, ez du zalantza izpirik erakusten klik egiten duen bakoitzean.

Testigantza horiek erakutsi dizkigu Portugaleten jaio zen 26 urteko Ruben Diaz gazteak. 5,6 miloi harpidedun ditu Lethal Crysis izeneko haren YouTubeko kanalak. Ukrainako gerra frontera abiatu da hamaika atal dituen dokumental bat grabatzera. Pertsona arrunten muturreko bizipenak erakutsi ohi ditu kanalak.

Ukrainara joan aurretik, Kongoko Errepublika Demokratikoan grabatu zuen bere azken dokumentala Rubenek. Koltanaren inguruko 48 minutuko maisulana da. Telefono adimendunetan, autoetako bateria elektrikoetan edo adimen artifizialean erabiltzen da mineral hori. Eta mundu osoko erreserben %80 Afrikako herrialde horretan dago. Teknologia horien erabilerak badu ordaindu beharreko prezioa. Eta prezio horren biktimen ahotsa entzungo duzu dokumentalean.

Naval Ravikant enpresariaren hitzak dakarzkigu zutabe honetara: «Bere droneak fabrikatu ezin dituen edozein herrialde estatu basailu bat izango da». Badirudi droneak eta adimen artifiziala izango direla datozen gerretako protagonistak. Eta ez dira gizakiak izango drone horiek ekoitzi eta gidatuko dituztenak. Etorkizuneko lantegietako langileak eta gerretako soldaduak robotak izango dira. Black Mirror telesailaren atala dirudi, baina bizi dugun garaiaren ispilu beltza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.