Erresuma Batuko bederatzi milioi pertsona bakarrik daude, beti edo askotan. Ez zaie pertsona helduei bakarrik gertatzen hori. 16 eta 24 urte bitarteko pertsonak 65 urtetik gorakoak baino sarriago sentitzen dira bakarrik. Bakardade kronikoak arriskuan jartzen du osasuna». Zuzen eta zehatz mintzatzen da Arte kateko Bakardadearen izurritea izeneko erreportajeko narratzailea. Erresuma Batuak Bakardadearen ministro bat izendatu zuen joan den urtarrilean, gero eta larriagoa den arazoari aurre egiteko. Batetik, arazoa saihesteko. Bestetik, arazoaren ondorioei, pertsona horiek sentitzen dituzten beldur eta depresioei, erantzun bat emateko. Egoera horretatik abiatuta, noizbait sinesgaitzak baina gero eta sinesgarriagoak egiten zaizkidan kasuak, egoerak eta irtenbideak ageri ditu erreportajeak. Londrestik kontatzen du egoera,eta, gurearekiko desberdintasunak nabarmenak diren arren, honetan ere antzekotasun handia dugula esango nuke, tamalez.
Joan den astean ikusi nuen erreportajea. Asteburuan, Europako eta Espainiako suizidio datuen berri eman didate. Heriotza naturalen ondoren, hura omen da jende gehien hiltzen duena. Ez dakit zenbaterainokoa den bakardadearen eta datu horien arteko lotura. Baina lana ikusi eta datuon berri izan orduko, ezin izan diot utzi horiek lotzeari. Izan ere, badakigu badela protokolo bat suizidioaren inguruan. Erakundeek, hedabideek eta, kasu honetan, telebistak asko zaintzen dutela gertakari horien berri ematea. Adituen gomendioei jarraikiz egiten da prebentzio lan hori. Kontua da Erresuma Batuan erroldatuta dauden 63 milioi biztanleetatik 9 beti edo askotan bakarrik sentitzen baldin badira, gurean kopuru hori zein izango den kalkulatzen aritu naizela. Eta kopuru handia iruditzen zaidala, beldurtzeko modukoa. Eta hedabideetan, kasu honetan telebistan, gutxitan lantzen dela gai hori. Eta, agian, izan litekeela modu bat arazoa sozializatu, biztanleak sentsibilizatu eta prebentzioa egiteko.
Ez diot telebistari —eta han ari direnei— beste zama bat erantsi nahi. Baditu nahikoa lehendik. Ordea, programazioan hainbeste arinkeria ikusita, aukera izan liteke halakoei pisu pixka bat emateko. Zentzuzkoa delako gaiarekin tentuz aritzea, baina, agian, landu litezke horretara garamatzatenak, hainbat sufrimendu saihesteko edo arintzeko.
EKOGRAFIAK
Isilpeko izurriteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu