Edonork podcast bat egiteko gaitasuna duela —edo mikrofono aurrean grabaturiko edozer irratsaio bat dela— orokortzen ari da, atzean ofizio ez balego bezala. Horregatik gozatzen dut irrati-mintzaira menderatzen duen Ane Zabala bezalako irratilariak egindako saioa entzuten. Bilbo Hirian duela ia hogei urte sortu zen Piperpolis euskal kulturari buruzko magazina baino zerbait gehiago baita; erreferente bat, zalantzarik gabe. Asteartero hitzordua dugu 96.0 MHz-etan, eta bera bada ere, inoiz ez da berdina, sarrera-karetatik mimoz eta profesioz egindakoa dela agerian utzita.
Piperpolis ezagutu nuenean, Anerekin batera Galder Perezek ere gidatzen zuen saioa.Urte batzuk lehenago biak ikasle izan nituen Kazetaritza fakultatean ematen nuen Irrati Informatiboa ikasgaian; ordurako eskarmentu handia zuten mikrofonoaren aurrean, eta susmoa dut ez niela gauza gehiegirik irakatsi. Bazuten beste lagun bat ere saioan, John Trollope. Futbolari britaniarraren izena zuen pertsonaia xelebrea irrati-nobela baten protagonista zen bi astean behin. Zorionez, ez dira atalak galdu eta horien grabaketak topa ditzakegu amaraunean.
Bilbo Hirian lurra hartu aurretik, biak, Ane eta Galder, astero topatzen nituen Radio Euskadik eskaintzen zuen 7 Calle del Trinkete saioan. Nire iritziz —barkatu atrebentzia—, eskaini dituen saiorik sortzaileenetariko bat. Gidoi bikain baten gainean soinuen bidez eraikitako espazio batean sartzen zituzten entzuleak. Horretan ere bazegoen irrati-nobela bat, El Vermú izenekoa; altxor gisa baditut saioaren zenbait atal gordeak, eta poztu naiz artikulu hau prestatzen ari nintzela podcast moduan aurkitu ditudanean.
Oso hurbiletik jarraitu diot bi ikasle horien ibilbideri, irratian ez ezik baita antzertian ere. Oso lotuta dauden bi arte, bi hizkuntza, bi adierazpide. Batek bestetik edaten du. Biek behar dute gidoia, zeinaren gainean hitz esanak bere izaera gainditzen duen mundu oso bat eratzeko; biek berezko mintzaira bat osatzen dute, zenbaitetan musikak babestuta, eta bestetan, berriz, hotsek eraikia, eta noizbehinka isiluneak etenda. Ez. Ez da mikroaren aurrean jarri eta hitz-jarioa askatzea, airea soinuez betetzeko. Horretaz ere konbentzitu beharko ditut hurrengo astetik aurrera etorriko diren ikasle berriak, gidoi on bat beti baitago ahazten ez dugun saio horren atzean. Beti bezala, erronkaren aurrean kirioak eta itxaropen berriak lagun.