urtzi urkizu

Irrati eta telebista tradizionala, oraindik

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Pello Reparazi oso ondo atera zitzaion dena. Mitoaroa ikuskizuna sekulakoa izan zen, eta 15.000 entzule prestu bildu zituen Nafarroa Arenan urtarrilaren 3an. Beste hainbeste hurrengo egunean. Bigarren eguneko kontzertua zuzenean eman zuen EITBk: ETB2 katean eta Primeran plataforman emango zutela iragarri zuten. Baina ETB2n baino ezin izan zen ikusi —EITBren webgunean ETB2ko zuzeneko emanaldian ere bai—, Primeran-ek ezin izan baitzuen eman, «arazo teknikoengatik» (barkamena eskatu zuten: Instagram-en, igandean; eta X-n, astelehenean).

Primeran-en eman izan balute ere, litekeena da ETB2ko ikusleak askoz gehiago izatea. Ez zen beharrezkoa EITBk egin zuen iragarpena, kazetari batek azalpenak emango zituela —gaztelaniaz—, kontzertua bere horretan eman baitzuten, ETB2n eta euskaraz, Reparazek hala eskatuta. Ikusle euskaldunen bat edo beste asaldatu zen gaztelaniazko off-eko ahotsarekin. Aiora Mujikak, esaterako, «zaplazteko fisikotzat» hartu zituen gaztelaniazko amaierako hitzak.

Baina, hala eta guztiz ere, ETBren zuzeneko emanaldiaren arrakasta eztabaidaezina da. Euskal Autonomia Erkidegoan, Mitoaroa-k %10,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %17,6koa—; eta Nafarroan, %14,4ko kuota —euskaldunen artean, %56koa—. Audientzia metatua 275.000 lagunena izan zen, hau da, herritar horiek guztiek ikusi zuten uneren batean euskarazko kontzertua ETB2 katean.

Pello Reparaz musikaria 'Mitoaroa' ikuskizunean kantuan, Iruñean
'Mitoaroa' ikuskizuna, Iruñean, urtarrilaren 3an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Horrek erakusten du telebista konbentzionalak berebiziko indarra duela oraindik egoera jakin batzuetan. Ikuskizuna bera zuzenean ikusteko modua eman zuen ETBk, eta hori ikusle gehien dituen katearen bidez egin zuen, 23 kamera erabiliz, eta errealizazio landu batekin. Ikusle batzuk, hala ere, kexu azaldu ziren une batzuetan ahotsak eta irudiak bat ez zetozelako. Agerian gelditu zen, bestalde, halako ekitaldi handi bat zuzenean emateko zailtasunak dituela Primeran plataformak. Egun batzuk pasatu ostean, Primeran-en ikusgai da orain Mitoaroa.

Irratia ez dute hil

ETBn egunotan hartu duten beste erabaki baten inguruan luze eztabaidatu daiteke: Mihiluze lehiaketa eta prime time-a lehengo ordura itzuli dira ETB1en. Azaroaren 25ean, Euskal Telebistak erabaki zuen Mihiluze 20:50ean jartzea, eta prime time ordutegiko saioak 21:50ean emititzea. Zentzuzko erabakia zirudien. Baina aste gutxiren buruan, ikusle datuak ez dira espero bezalakoak izan, eta erabakian atzera egin du ETBko zuzendaritzak. Audimetro oso gutxi batzuen eraginez iritsi da erabaki hori, eta horretaz ere eztabaidatu beharko da: ea azkeneko urteetan ikusle datuak neurtzeko erabili den sistemak ezarri behar duen euskarazko katearen estrategia, hain modu zuzenean. Patxadaz hitz egitea ere, beste egun baterako.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria Mihiluzeko aurkezleak
Ilaski Serrano eta Antton Telleria 'Mihiluze' lehiaketako aurkezleak. ETB

TVEn David Broncanoren La revuelta-k Hego Euskal Herrian lortzen dituen datu bikainek eragina izan dute, bestalde, ETBren erabaki batzuetan. Horrek erakusten du, beraz, telebista konbentzionalak oraindik baduela pisua.

Irratigintza tradizionala ere ez dago hiletarik prestatzeko moduan. CIESen ikerketaren azken neurketaren arabera, Euskadi Irratiak 153.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera —%6,3 handitu da 2023ko abenduko datuekin alderatuta—. Nekez irudika daiteke euskarazko podcast batek halako datuak lortzea, birala egin eta promozio ikaragarria eginda ere. Gazteak ere ez zuen datu makala lortu abenduko neurketan: 116.000 entzule —aurreko urtean baino %9,4 gehiago—. Kontuan hartzen baldin bada belaunaldi berriak gero eta urrunago daudela hedabide tradizionaletatik, Euskadi Irratiaren eta Gaztearen datuak sekulakoak dira.

Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' Munduko Irratiaren Egunean.
Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioa Irratiaren Nazioarteko Egunean, iaz. EITB

Aipatzekoa da Euskadi Irratiak badituela lehiakideak euskarazko irratigintzan: Naiz irratiak, Iparraldeko Euskal Irratiak, Euskalerria Irratiak eta Arrosa sareko irratiek milaka entzule dituzte egunero. Podcastgintzak izan duen erauntsia tentuz begiratzekoa da, noski, baina irrati tradizionalak luze jarraituko duela antzeman daiteke. Euskararen munduari eta euskal kulturari aurrez aurre begiratzen diete irrati horiek —Gaztea erdarazko munduarekin gehiegi kateatzen den arren—, eta funtsezkoa da haien eguneroko lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.