Arantza Gutierrez.

Irrati berri on

2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Gabon zaharretako festa gustuko dudan arren, ezin uka noizbehinka amestu dudala galdutako irla batean ospatzea, ahal bada bero egiten duen lurralde batean, irratia edo podcastak entzuteko gailu eta liburu baten konpainia bakarrarekin. Urtearen agurrarekin egin beharreko balantzea heldu zait, ordea, eta, berriz ere, igarleek aspaldian hiltzat eman nahi izan zuten arren, irratia oso bizirik dagoela berresten da. Are gehiago, CIESen azken datuen arabera, euskarazko irratigintza publikoak urte berriari audientzia-datu onekin ekingo dio: liderra Gipuzkoan, gaztelaniazko eskaintzen aurretik.

Dial tradizionalak entzuleak irabazten baditu ere, programatzaileek erronka handia (eta buruhauste galanta) dute gazteak erakartzeko. Lasai daitezen esango nieke aspaldian konturatu nintzela irratiarekiko gustua, zapore batzuk bezala, adinarekin hezi egiten dela. Bitartean, formula miragarria bilatzen ari den irrati-arduradun batek esan zidan gazteek solasaldi-podcast luzeak, ordubete baino gehiago irauten dutenak, kontsumitzen dituztela, edo hori dela, behintzat, audientzien ikerketek islatzen dutena. Espainiako Estatuan liderra den podcast plataformak argitaratu berri dituen datuek hori baieztatzeaz gainera, dibulgaziozkoak —bereziki historiari buruzkoak— eta krimen edo misteriozkoak ere aipatzen ditu saio hautatuenen artean; eta horretan ere bat egiten du frantsesez kontsumitzen direnen inguruko txostenak, nahiz eta horren arabera entzunenak albistegiak diren. Hala ere, ez dugu erotu behar, oraindik orain podcasten kontsumoa oso txikia baita entzuketa tradizionalarekin alderatuta: ez da heltzen %5era EAEn eta %2aren azpitik dago Nafarroan. Kontuan hartzekoa da, berriz, euskarazko eskaintza zabala, bai gaiei dagokienez, bai formatuei dagokienez.

Etorkizuna sakelakoarekin eta Internetarekin lotua badago ere, eta dial digitalarekiko eszeptikoa naizela argi utzi dudan arren, ezin aipatu gabe utzi Ipar Euskal Herrira DAB hedatu ondoren, orain Nafarroako Gobernuak iragarri berri duela tokiko irrati digitalaren 26 lizentzia banatuko dituela 2024ko lehenengo hiruhilekoan, baita hedadura autonomikoaren lizentzien deialdia abian jarriko duela ere. EAEn, berriz, oraindik ez da itxi Maiztasun Modulatuan lizentziarik gabe geratu ziren irratien auzia, eta horren zain daude uhinetara heltzeko ametsa duten irrati-eragileak.

Guztioi, irrati berri on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.