Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Intentzionaltasuna

2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Jordi Evolek Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketaren dokumentala Netflixera heldu da. Donostiako Zinemaldiaren garaian No me llame Ternera lanak sortutako zalapartak, egia esan, nagia besterik ez zidan eragin: betiko faxistak, betiko gauzak esaten. Egun batzuk igarota, ordea, nire inguruan bestelako iritziak ere agertzen hasi ziren: nola onartu ote zuen Urrutikoetxeak elkarrizketa hori egitea; ea ez ote zion inork aholkularitzarik eskaini; baita Evolek betikoa egin zuela berriro ere: bere aingerutxo aurpegia baliatuz, elkarrizketatua hesitu eta bere publikoak hasieratik duen postura berresteko nahikoa metraila eskaini, alegia. Hau guztia gutxi balitz bezala, Saldremos mejores podcastean Evole elkarrizketatu zutela ikusi nuen. Bertan, kazetariaren elkarrizketatzeko dohaina goraipatzen dute bi aurkezleek, eta, Urrutikoetxeari buruz hitz egitean, hotzikara eta antzeko hitzak zerabiltzaten.

Horrek guztiak dokumentala ikusteko pizgarri gisa funtzionatu zuen. Beraz, oraindik ere nagi eta mesfidantza apur batez, play eman diot.

Zaila da zer sentitu jakitea. Zaila da objektiboa izatea, saiatuta ere. Eta objektibotasuna zailtasun bat denean, ikusleez gain, elkarrizketatzaileaz ere ari naiz, noski. Behin eta berriz errepikatuta ere, ez baitut sinesten Evolek intentzionaltasunik gabeko galderak bota dituenik. Elkarrizketa guztia intentzioz beterik dago. «Zer ezberdintasun dago jainko batengatik erailtzearen eta aberriarengatik erailtzearen artean?» galdetzen dionean, adibidez. Elkarrizketan aurrez botatako zerbaitek hortik minutu batzuetara botatzen duenari itzal apur bat egiten diola gogorarazten dionean, adibidez. Iñaki Sotoren hitzak ekarriz, izenburuarekin jada elkarrizketatua pertsona zail gisa islatzen duenean, adibidez, gertakari historikoa ukatuz. Urrutikoetxearen erantzunak labainkorrak eta hotzak dira sarritan, horretaz ez dut dudarik; eta Evoleren errelatoari sua gehitzen diote, gainera.

Nire dudarik handiena da ea dokumental honek zertarako balio dezakeen. Ez baitu balio izan iritzi kontrajarriak biguntzeko. Eta hurrengo galdera da: posible al da horrelako kazetaritza edukirik existitzea inoiz euskal gatazkaren inguruan? Elkarrekiko ulermena izango duena bere intentzioan, eta hori lortuko duena?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.