Ikus-entzule asko hunkitu eta inarrosi ditu 3Cat plataformako Infiltrats erreportajeak. Ez da gutxiagorako. Estreinalditik astebetera, badira aipatzeko moduko ñabardura batzuk. Erreportajeaz, edukiaz eta horren atzean dagoenaz. Lehenik eta behin, La Directa hedabide katalanaren kazetaritza ikerketa goraipatu behar da. Hedabide horretan ardura dutenek erabaki dute denbora luzez polizia infiltratuen auzia ikertzea, horrek guztiak izan zitzakeen zailtasunekin. Ekar zitzakeen ondorioekin. Eta ikerketa lantzeko, bidenabar, inbertitu beharko zituzten giza baliabideekin. Apustua hor dago, eta emaitza balio handikoa da. Horrekin batera, 3Cat telebista publiko katalanaren engaiamendua ere nabarmendu beharrekoa da. Hori ez da egun batetik bestera lortzen; 30 minuts aktualitateko erreportaje saioaren formatuak sendotasun handia du katearen programazioan, eta horrek ere errazten du Infiltrats-en estreinaldia.
Hori gutxi balitz bezala, Kataluniako irrati-telebista publikoak behar zuen garrantzia eman zion erreportajearen estreinaldiari, eta, egun batzuk lehenago, elkarrizketak egin zituzten ikus-entzunezko lanaren egileekin. Igandean zen estreinaldia, eta, bi egun lehenago, 3Cat-en elkarrizketa labur baina oso mamitsua egin zioten Gemma Garcia La Directa-ko kazetari eta Infiltrats-eko bi zuzendarietako bati.
Garrantzirik kendu behar ez zaion hausnarketa bat egiten du Garciak elkarrizketan: «Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuen Informazio Komisaria Orokorraren agindupean eta Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren [PSOE] zuzendaritzapean aritu ziren polizia infiltratuak». Elkarrizketaren amaieran, beste bi kazetarik parte hartzen dute, eta haietako batek «errepresioaren sofistikazioaz» hitz egiten du. Saio berean nabarmentzen dute, halaber, polizia infiltratu horiek Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan murgildu zirela, hain justu, 2019. urtearen amaieran Kataluniako prozesuaren sententziaren aurka kalean mobilizazio oso jendetsuak egin ziren garaian.
Ez da aztia izan behar horren atzean interes politiko zehatzak daudela ondorioztatzeko. Hortaz, zertan gelditzen da Espainiako Gobernuak —Pedro Sanchez presidentearen ahotsean sarri— aipatu izan duen «berrikuntza demokratikoa»? Garrantzitsua da, gainera, torturen eta tratu txarren biktimak artatzeko Sira zentroko zuzendari Pau Perezek —psikiatra da— ondorioztatzen duena: «Tratu txarrak eta torturak jasan dituzte biktimek, informazioarekin loturikoak». Polizia infiltratuekin sexu harremanak eta harreman sentimentalak izan dituzten herritarrez ari da, bereziki. Deigarria da, era berean, Infiltrats erreportajean ageri den beste kontu bat: polizia infiltratu baten amak iruzur horretan parte hartzen du, eta hala jokatzen du poliziarekin harreman sentimental batean zen militante katalanarekin. Polizia horiek inpunitatez jokatu zuten, polizia lanetan jarraitzen dute beste toki batean, badakite ez zaiela ezer gertatuko. Horren erakusgarri, epaileek uko egin diote polizia infiltratuek egindako delituak ikertzeari.
Iridia-Centre per la Defensa dels Drets Humans erakundeak, infiltrazio horiek kalte eginikoen Accio Contra l 'Espionatge d' Estat kolektiboarekin batera, babes errekurtsoa jarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.
Sekretu ofizialak
Ez da gaurko kontua polizia infiltratuen gaia; Erresuma Batuan polizia infiltratuak sartu izan dira ezkerreko mugimenduetan 1968tik, eta auzia sakon ari dira ikertzen orain. Bai, ikerketa judizialak egiten ari dira herrialde horretan. Benetan esanguratsua da azken hori, Espainiarekin alderatuta. Hartaz, nahi denean, ikertu daitezke infiltratuen jardunak.
Kontua da ea Espainiako Gobernuak baduen borondaterik demokrazia berriztatzeko. EH Bilduk, EAJk —Aitor Esteban diputatuak suharki—, Juntsek eta ERCk azkeneko urteetan Sekretu Ofizialen Legea —1968koa da— aldatzeko eskatu izan dute Madrilen. Sanchez presidenteak berak esan izan du aldatuko dutela. Baina sakoneko aldaketa eta berriztatzea beharko luke horrek, azkeneko hamarkadetan izan diren askotariko gertaerak argitze aldera. Hala gertatuz gero, kazetaritza lan baliotsua egiteko modua legoke iragan hurbila eta ez hain hurbila azaleratzeko.
Bitartean, legez «linbo» batean ari dira polizia infiltratuak. Infiltrats erreportajeko polizia protagonistetako batek bideo dei batean kontatzen duen moduan, hiri askotan daude bera bezalakoak. Inpunitate osoz ari dira. Grande-Marlascaren eta PSOEren babesarekin. 50 urte beteko dira Francisco Franco diktadorea hil zenetik. Eta horrela gauzak.