Pentsa zenbaterainokoa den inpunitatea, botere sentipena, gizona kamera baten aurrean jarri eta horrelakoak esatera iritsi badaiteke. Aurpegirik estali gabe egin du. Lasai —itxuraz, behintzat— onartu du ohikoa zela ETAren kontrako jardunean atxilotuak torturatzea. Zuzen galde eginda, zuzen erantzuna, pentsatzeko —aitortzeko puntuan zen horretan, ekar zitzakeen ondorioetan— denbora askorik hartu gabe. Jakina, inpunitatez ari denak bai baitaki ez dela ondoriorik izango. Ironiaz esan du, atxilotu bat ez duzula kafe bat hartzera gonbidatuko, ahal bezala atera behar zaiola informazioa. Ongi deritzo tortura erabiltzeari. Trufatu egingo da, gainera, esanaz euskal herritarrak «bigunak» direla, hitz egiten dutela pixka bat ukitzen dituzunean. Ez du damurik. Ontzat jotzen du egindakoa, ETAren kontrako gerran legezkoak eta legez kanpokoak zilegituz. Eta hori da gakoa. Hori ez du Manuel Pastrana Guillanek erabakitzen, ezta Guardia Zibilaren tenienteorde batek ere. Hor egitura bat dago, goi mailako kargudunek sortu, babestu eta zilegitzen duten sistema bat. Zenbait erakundek, agintarik, hedabidek onartu eta babestu izan duten sistema bat. Larunbatean TV3 kateko Preguntes Frequents saioan egindako adierazpenek ez dute ondorio praktikorik ekarri. Ez dute inor asaldatu, betikoetatik aparte. Indarrean da sistema oraindik.
Billions telesailari lotuta nabil azken egunetan. Boterezalekeria eta inpunitatea; horra enpresari eta fiskal gupidagabe bana parez pare jartzen dituen gudaren zutabeak. Biak, makur, nor baino nor, sistema nahieran moldatuz eta erabiliz. Haiek pantailara lotzen gaituzten pertsonaiak ez izan arren, argi erakusten dute sistema jakin batek emandako inpunitatearen indarra. Igande gauean, Antena3en, bigarrenez Spotlight filma ikusten ari nintzela, mugarri berak eman zidan arretan. Massachusetts hiriko hainbat apaizek egindako sexu erasoak salatzeko lanean ari den kazetari taldeak erabaki bat hartu behar du: mira erasotzaileengan jarriz duten informazioa argitara ematen lehenak izan edo erakundeak gertakariak ezagutu eta babesten zituela frogatzen saiatu, horrek esklusiba galtzea ekar badezake ere. Askotan, errealitatea eta fikzioa ezin dira bereizi. Urrunean ala gertuan, sistema, oinarrian, antzekoa da. Eta inpunitatea, bera.
EKOGRAFIAK
Inpunitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu