Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Inklusiorako soinuak

2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

Maiatz honetan arrazakeriaren aurkako irrati-tailerrak egin dituzte Durangoko irratian. Horietan bertako eskolako ikasleek Nigeriar jatorriko Daniel Nelsonekin solasaldi bat izateko aukera izan zuten, baita pertsona migratzaile eta arrazializatu batek eguneroko bizitzan jasotzen duen arrazismoa ezagutzeko ere. Oso formula sinple eta zehatza, ikasleek beraiek egindako galderetan oinarrituta, euskara ardatz baina gaztelania ere erabiliz komunikazioa errazteko. Ez da hau, berriz, ezagutzen dudan helburu bera duen tailer bakarra, irratiak errazten baititu elkarren arteko komunikazioa eta ezagutza, kode berezirik exijitu barik. Nik neuk parte hartu dut halako tailerretan, zenbaitetan formatzaile edo «erraztaile» gisa, eta guztietan ere ikasi dut, baita nire zuri europarraren begirada kolokan jarri ere.

Urtearen hasieran, Getxoko udal irratiko estudioak herritarron zerbitzuan jartzeko gogoz sorturiko iniziatiba baten berri eman zidaten, baita nire ekarpenak eskatu ere. Digitalizatzeko inbertsio handi baten ondoren, garai batean bizitza handia eta programazio zabala izan zituen irrati publikoa isilarazi zuen udalak, eta estudioak —komunikazio arloak oro har— udal gobernuaren zerbitzuan jartzea erabaki zuen.

Urte horietan, ordea, getxoztar administrazioak inklusiorako tailerrak diruz lagundu ditu inguruko irrati batzuetan; esaterako, Folk festibalaren inguruan Candela Irratian kultur aniztasuna bultzatzeko saio bereziak babesten zituen, edo, berriki, Argia Fundazioari diruz lagundu dio Vinilo FMn buruko gaixotasunak dituzten pertsonek ekoizturiko saioak aurrera eramateko, horretarako tailerrak antolatuz. Beraz, zergatik ez baliatu zerbitzu publikoaz elkarren ezagutza eta bizikidetza sustatzeko? Ez dakit zeintzuk izan ziren erabilitako argudioak, baina udalbatzak ez zuen onartu eta Getxo Irratiak ez du ahotsa berreskuratu, eta horrekin batera aukera ezin hobea galdu da.

Getxokoa Hego Euskal Herrian garatu zen udal irratien mugimenduko aitzindarietakoa izan zen, eta bertan herrian lan egiten zuten elkarte eta kolektiboek bozgorailua izan zuten. Salaketa laboralak tartean, baimen administratibo, zerbitzu batzuen azpikontrataze eta plantillaren funtzionarizatzearekin bat, berriz, herritarren parte-hartzea gero eta urriagoa izan zen, baita programazioa ere, desagertu zen arte. Beraz, inbidia baino ez zait geratzen ikusita beste udaletxeetan zer iniziatiba sortzen diren uhinak elkarbizitzaren zerbitzuan jarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.