gorka julio
Teknologia berriak

Informazio-komisarioa

2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Google I/O 2024ren aurkezpenean, adimen artifizialean (AA) oinarritutako aurrerapen batzuk erakutsi zituen enpresa teknologikoak. Berrikuntzarik aipagarrienen artean daude Geminiren aplikazio berria, irudiak sortzeko sistema aurreratuak (Image 3) eta bideoa (Veo), eta AA Gmail, Google Photo eta WorkSpace gisa ezagutzen diren produktuetan integratzea.

Hala ere, Googleren bilatzailean eginiko berrikuntza garrantzitsuena ia oharkabean pasatu zen. Enpresak AI Overview aurkeztu zuen, erabiltzaileen kontsultei AAk eginiko erantzuna izango da lehen bista. Horrela erantzun nahi dio Googlek beren lehiakideei eta baita Tik Tok, Instagram eta bideo-aplikazioetan egiten diren informazio bilaketa ohiturei ere. Orain sortutako informazio-grumo horiek bilatzailearen goiko aldean agertuko dira, ohiko web estekak ordezkatuz.

Ez da lehen aldia Googleren algoritmoko aldaketek proiektu askori zuzenki edo zeharka eragiten dietena; azkenetako batek euskarazko orrialde asko kaltetu zituen. Aldaketa hori errokoa da, bere diru-sarreren iturri nagusiari —publizitatea eta web bidezko trafikoa— zuzenean eragiten diolako eta hemendik aurrera erabiltzaileek Googleren laburpena soilik irakurri eta webgunerik bisitatu gabe joango direlako. Iragazki berri bat ere jarriko dute, egindako galderarekin lotura duten web estekak erakusteko erabiltzaileek zuzenean kontsulta ditzaten, baina zeinek kontsultatuko du hori begi aurrean xehatutako informazio laburpen hori duzunean?

Berehalako aldaketez gain, Googlek Project Astra aurkeztu zuen, Gemini Liveren bilakaera izango dena. Kamera bat erabiliz ingurunearekin elkarreragiteko gaitasuna izango duen funtzioa eta beharbada informazioa bilatzeko modua oraindik gehiago alda dezakeena.

AAk bere bilatzailean gehiago txertatzeko egin duen bilakaerak eta datozen aldaketek informazioaren etorkizunari eta web irekiari buruzko zalantza asko sortzen ditu. Aurrerapenek bilaketa eraginkorragoa eta zuzenagoa egitea agintzen dute, baina erronka garrantzitsuak ere badakartzate edukien sortzaileentzat eta Interneten zabaldutako informazioaren ekosistemaren jasangarritasunean. Googlek informazio originala eta erabiltzailearen artean kokatu nahi du. Bideratzaile baino, informazio-komisario gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.