Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

'In Treatment' eta 'Dates'

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Telebista israeldarretik hartu zuen HBOk In Treatment telesaila egiteko ideia. Hiru denboraldi bikain oparitu zizkigun kable bidezko telebista kateak. Horrenbestekoa izan zen lortutako estimua, hainbat herrialde eta hizkuntzetan moldatu zutela ekoizpena: Italia, Txekiar Errepublika edota Argentinan.

Gabriel Byrnek gorpuztu zuen Paul Weston psikoanalista. Denboraldi bakoitzeko lau pertsonek egiten zioten bisita; bat asteko egun bakoitzeko eta, ostiraletan, Weston bera zen psikologora joaten zena. Hogeita bost minutuko iraupena zuten ataletan, gela batean bi pertsonen arteko elkarrizketa ageri zitzaigun. Horrek bide ematen zion ekoizpenari ate eta leihoen sinbolismoarekin jolasteko. Haatik, maisuki lotutako gidoia zein aktoreen transmititzeko gaitasunari esker, ikusleok, gure irudimenari eraginez, psikoanalistaren gelatik sartu irtenean genbiltzan kontakizunak nahi beste.Pantaila aurrean jartzen nintzen bakoitzeko, pentsatzen nuen zeinen borobila zatekeen atal bakoitza plano sekuentzian grabatutakoa izan balitz.

Errealizazio, gidoiaren intentsitate eta erritmoari dagokionez, sekula ez nuen In Treatment bezalako maisulanik ikusi; zeharo penatu ninduen amaierak. Baina, zorionez Channel4 kate britainiarrak Dates telesaila telebistaratu zuen 2013an. Maite kontuetarako egindako zitetan oinarritzen da ekoizpena.In Treatment-en bezala, Dates-en ere pertsonaien arkitektura bikainki diseinatua da. Berriz ere, bi pertsonaien arteko elkarrizketak eusten du atala. Honetan, ordea, pertsonaiek ez dute agerpen orden jakin bat. Baina kuriosoa da, A pertsonaia B eta Drekin ateratzen ikusten delako, eta ondoren D pertsonaia Brekin ateratzen delako, adibidez.

Hortaz, Katalunian zorionekoak dira, TV3ek formatua hartu eta Cites izeneko telesaila estreinatuko duelako aurki. Askorik jakinarazi ez duten arren, badakizkigu zenbait aktoreren izenak. Esate baterako, Ingrid Rubio, Eduardo Noriega, Eva Santolaria edo Nausicaa Bonnin. Berrikuntza gehitu dute: hogei minutuko atalean zita bakarra eman beharrean, bi zita izango dira, eta atalak luzeagoak.

Ondo, TV3, ondo. Telebista formatuak kopiatzea ez da ekintza ezkorra. Kontua da kopiatzeko formatua ondo aukeratzea premiazkoa dela, ondoren behar bezala ekoizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.