Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ikusi ezinak

2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Zerk ordezkatzen gaitu? Zerk egiten gaitu identitate baten jabe? Egin dugunak edo egin ez dugunak? Onartu dugunak edo esan diogunak ezetz? Nik zer dakit. Badakit, ordea, lagun belaunaldikideetatik bereizten nauena ez dela haurtzaroan ikusi nuen zerbait; ikusi ez nuen zerbait baizik. Aitortuko dut, behingoz: nik ez nuen Dragoi Bola ikusi. Nire gurasoek izango dute ardurarik horretan: indarkeria gehiegizkoa zerabiltela irudituko zitzaien, edo beharbada bat egingo zuen, ordutegian, haiek oso gustura ikusten zuten beste zerbaitekin. Kausa edozein dela ere, bertsua da emaitza. Belaunaldi oso batentzat marrazki bizidun kutuna den saioa ez nuen ikusi. Zaila da esatea horrek nigan zenbateko arrastoa —edo arrastorik eza— utzi duen. Agerikoena bat da: hizketalditik kanpo sentitu naizela, ez gutxitan, hasi direnean ondokoak, nostalgiak jota, enegarren denboraldia errepasatzen. Pentsa, ditxosozko bola horiek zertarako balio zuten ere ez dakit.

Haurtzaroko telesail kutuna informazio iturri soila baino gehiago da, noski. Susmatzekoa da Dragoi Bola ikusi ez izanak ekarri duela bestelako albo kalterik. Edo gutxienez, eragin duela nire pausoen norabidea mugitzea zentimetro bat edo beste. Zaleen saldokoa banintz, akaso trebezia handixeagoa izango nuke hitanoarekin; edo anime kategoriako lanek interes handiagoa piztuko lukete nigan. Beranduegi da horialdatzeko. Hogeita hamar urtekoaren kaskoa eta ohiturak ez dira hamar dituenarenak bezain iragazkorrak.

Kasu bakana da nirea, salbuespenezkoa. Baina hogei urteko jauzia egin eta gaurko haurretan jartzen badugu begia, ez ote daude, gehien-gehienak, lubakiaren nire aldean? Haietako zenbatek ikusten dituzte marrazki bizidun kutunak euskaraz? Horretarako aukerarik ba al dute? Ezezkoan nago. Izango dira hori zenbakietara eraman eta arrazoitu duten ikerketak, baina intuizio hutsetik ere, erraza da ondorioak irudikatzea: harreman gutxiago izango dute euskarazko edukiekin, arrotza egingo zaie bikoizketa, eta gehiago kostako zaie lagunarteko hizkera euskaraz garatzea. ETBren plataforma berriek joera aldatuko dute beharbada. Baina bien bitartean, euskarazko marrazki bizidun zirraragarririk ez badago, ikusleak, entzuleak eta irakurleak ari gara galtzen. Baita ikusi ezinak elikatzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.