benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Ikusi eta ikasi

2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Kandela goxoz argiztaturiko Kopenhageko eraikin moderno bat dirudi kanpotik. Kanela usaina duten horietakoa. Baina Euskal Herriko auzo langile bateko liburutegia da. Bertara sartu eta etorkizunera eramaten zaituzten horietakoa.

Emakume jubilatu bat liburuzainarekin ari da hizketan. Liburuzainak erantzun dio eskatu duen liburua ez dela bertan. Ondoren, ama bat iritsi da bere bi seme-alabekin. Eskolarako behar duten liburu baten inguruan galdegin du. Kasu honetan ere esku hutsik doaz hirurak, ama aurretik, arnasestuka.

Liburutegiko besaulkien alboan daude ordenagailuak. Neskato bat Youtubeko bideo bat ikusten ari da, eta pantailan dakusa online-irakasle bat, arbel zuri baten aurrean azalpenak ematen. Baina zein hizkuntzatan hitz egiten du pantailak?

Has gaitezen espekulatzen. D ereduko ikaslea da besaulkiko gaztea. Bere inguruan ia ez du erreferente euskaldunik. Ikastetxea da bere territorio euskaldun bakarra. Agian euskaldun esatea gehiegitxo al da? Urtean zehar esna ematen dituen orduetatik, soilik %15 jasoko du euskaraz gazte horrek. Ez al didazu sinisten? Kalkuluek hori diote ba.

Eta hori, kasurik onenean, portzentaje horrek ez baitu bermatzen euskaraz arituko denik ikasgelan ematen dituen orduetan. Adi! Historiako irakaslea sartu da ikasgelan. Egun on esan ostean, galdera hau bota du: «Ei, gazteok, zer-nolako bizitza izango zenukete erromatarren garaian euskal lurretan?».

Eta neskatoak ikertu beharko du erromatarrak nola iritsi ziren, zein tribu bizi ziren gurean; hainbat galdera egin beharko dizkio bere buruari. Eta hori guztia egiteko nonbaitera jo beharko du. Irakurri beharko ditu koadernoan idatzitako oharrak, joango da Wikipediara, ikertuko du handik eta hemendik.

Eta zorionez, aurkituko du Ikusgela, helburu didaktikoa duten bideoen kanala. Euskaraz eta Euskal Herritik, jakintza librea banatzen duen proiektua. Partekatu dezagun ba horrelako altxorren existentzia. Zineman, telebistan zein bestelako pantailetan, euskaldunok ere primerako produktuak merezi ditugu eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.