Lide Hernando.

Ideologia da

2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Azken egunotan bogan dabil Espainiako polizia infiltratuen kasuak aztertzen dituen Kataluniako dokumental hori. Ilea lazteko modukoa da Instagramen behintzat gehien partekatu den bideo zatia. Bertan, gizon gazte batek, bideo dei bidez, hau esaten dio hainbat urtez bikotekidea izan duen emakumeari: «Badakizu zer ez nizukeen inoiz barkatuko? Zure izena Maria Isern Torres izatea». Gizon horrek Maria Perello izenez ezagutzen zuen bere neska laguna zena; baina ez zen hala: Maria Isern Torres zen, Espainiako polizia infiltratu bat.

Film baten argumentua dirudi, baina ez da hala: 3Cat kanaleko 30 minuts saioan emititutako bideo erreportaje batean agertzen da bideo hori. Eta, behin osorik ikusita, ilea laztuta edukitzeaz gain, borborka ditut amorrua eta inpotentzia.

Azken urteotan Directa-k, El Salto-k eta gisako hedabideek polizia infiltratuen bederatzi kasu argitara atera dituzte, baina ordubeteko dokumental horrek lau kasuri buruz hitz egiten digu. Mugimendu herritar batean txertatuta zegoen bakoitza, Bartzelonan, Valentzian eta Gironan, eta testuinguru horietako lagun eta kideen ahotsean ezagutu dezakegu lau pertsona horien izaera; edo, hobeto esanda, akademiatik atera eta infiltratu zirenean hartu zuten izaera berria: eraikia, hutsala, gezurrezkoa. Urte horietan, Poliziari mugimendu horietako ekintzen inguruko informazioa emateaz gain, adiskidetasun, sexu eta maitasun harremanak garatu zituzten, guztiei iruzur eginez.

Dokumentalak adituen ahots askorekin osatzen du informazioa: abokatuak, psikiatrak, infiltrazioan espezializatutako polizia nazional bat ere bai. Azken horrek infiltratuen lanaren atzean dagoen guztia kontatzen digu. Niri, ordea, alor psikologikoari dagokiona egin zait dokumentaleko aberasgarriena. Ez da erraza izango zure bizitzaren parte bat gezur hutsa izan dela jakitea. Psikiatra batek argi dio bertan: polizia horien biktimek pairatu dutena tortura da, azken finean.

Hedabide finen lanari esker, susmatzen genuena egia dela erakutsi da: terrorismotik oso urrun dauden mugimendu ezkertiar asko bigilantziapean daude. Helburua gizartearen segurtasuna bermatzea bada, zergatik ez bigilatu testuinguru ultraeskuindarrak? Erantzun bakarra dago: jazarria ideologia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.