Larunbatean, 20 urte beteko dira House telesaila estreinatu zutenetik. Hugh Laurie aktorea izan zuen protagonista ahaztezinaren rola jokatzen, eta, Sherlock Holmes-en antzeko dedukzio ahalmenari esker, kasu mediko bitxiak eta ezohikoak argitzen zituen. Lehen mediku antiheroia dela esan daiteke. Umore beltza helduleku gisa erabiliz, medikuntzaren munduan girotutako telesailek ordura arte jorratzen ez zituzten hainbat gai plazaratzen zituen, sakonak zein polemikoak; sendagaien gehiegizko erabilera, buruko osasun arazoak, gaixotasun arraroen aurrean nola jokatu edota medikuen etikari buruzkoak, esaterako. Ekoizpenak 177 atal eta zortzi denboraldi izan zituen guztira, eta azken atala 2012an eman zuten.
Urte batzuk lehenago hasi zen Scrubs telesailarekin ere asko gozatzen nuen, baina, ospitaleetan girotzen diren telesailen artean, House izan zen ziurrenik harrapatu ninduen lehena; gai horri loturikoak ez dira sekula nire gustukoak izan, galbana eragiten didate. Barkatuko didazue, baina 21. denboraldia —21, bai!— estreinatzear den Grey's Anatomy ez zait sekula gustatu.
Gregory House ezagutu nuenetik, ordea, nire ikuspuntua apur bat aldatu da eta geroztik oso gustura ikusi ditudan zenbait izenburu estreinatu dira: Polseres vermelles, Nurse Jackie, eta bereziki This Is Going to Hurt eta The Knick aipatuko nituzke. Azken biak, jorratzen duten gaiaz harago, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituzte, nortasun handikoak dira.
This Is Going to Hurt-ek ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku gisa lan egiten duen Adam Kayren egunerokoa azaltzen du. Hain estresagarria da telesailak transmititzen duen egunerokoa, umore oso beltza duen komedia dramatikoa izateaz harago, thriller frenetiko bat baitirudi. Mota honetako telesailetan gutxitan ikusitako sekuentzia estresagarriak eta dramatikoak ageri dira, baita zoriontsuak ere.
Steven Soderbergh zuzendariak HBOrentzat sortu zuen The Knick, aldiz, medikuntza modernoaren hastapenetan girotuta dago; garai hartako aurrerapen zientifikoak eta medikuntza praktika gogorrak aztertzen ditu. Estilo bisual eta estetika bereziak ditu; ezohikoa eta oso ona da, baina ez da ikusle guztientzako moduko telesaila.