Arantza Gutierrez.
Irratia

Hormabiko solasaldia

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Ez dakit kasualitatean sinetsi, edo onartu beharko nukeen den-denak eramaten nauela zutabe honetan idazteko beta ematen didan edozein gairen inguruan (ia) beti irratsaio bat topatzera. Igandean, hizkuntz aniztasunari buruzko topaketa baten ondoren, lagun batekin gorputzarekiko dugun harreman gaiztotuaren inguruan solasean itzuli nintzen etxera, eta, akaso jainkosek jarrita, hurrengo egunean Amaia Chocarrok zuzentzen duen Zuzeuko Bipareta-ren azken atala, Gorputzak (Nire gorputza baino gehiago naiz) agertu zitzaidan sareetan.

Maddi Etxeberria nutrizionistak eta Ana Goitia komunikatzaileak gorputz normatibitateaz, edertasun espektatibei ez erantzutearen lotsez eta dieten esklabotzaz eta horien inguruan eraikitako negozioaz hitz egiten zuen otsailaren 13an argitaraturiko atalean. Oso ikuspegi interesgarriak, are gehiago kontuan hartuta udaberrira hurbiltzen ari garen honetan, bikini-soina lortzeko ahaleginetan, batzuek dirua eta autoestimua utziko dituztela, gastronomiaren plazera zigor bihurtuta.

Azken denboraldiko bederatzigarren atala da aipaturikoa. Aurrekoetan, unibertsitatearen joateko beharra ezbaian jarri dute, baita historia nork idatzi duen ere; sexualitateaz nola (ondo) hitz egin, lagunen arteko harremanak, edo gizarteak alkohola edatera bultzatzen gaituela ere izan dira hizpide, betiere bi gonbidaturekin egindako solasaldian. Hori izan baita 2019ko apirilean, orduan Arrate Hernandezen eskutik, jaio zenetik izan duen asmoa: «Bipareta-k bi horma ditu, bi bizitzeko modu, bi azal. Gai bakarra landuko dugu saio bakoitzean, bi ikuspuntuak». Pertsona gehiagoko mahaiak izan ziren, berriz, Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojoren gidaritzapeko denboraldian, baina guztietan mantendu da gizarte-interesa duen gai baten inguruan ikuspegi bat baino gehiago aditzera emateko asmoa.

Datozen igandeetan idatzi ahal izateko entzun beharreko saio-zerrenda dut (egunak 24 ordu ditu eta irrati-entzule amorratua naizen arren, ezin dena aditu), baina ziur nago zoriak ezustean harrapatuko nauela kantoiaren bueltan norbait egiten ari den saio batekin. Julio Vernek esan omen zuen esaldia maileguan hartuta, ausartuko naiz esaten: «Pertsona batek imajinatu ahal duen edozein gairen inguruko saioa beste pertsona bat gai izango da euskaraz ekoizteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.