Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Hogwartsera berriro

2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Esango nuke ez dagoela dudarik film famatuen remake-ek eta telesail entzutetsuen spin off-ek, normalean, kalitate eta ospe txikiagoa izaten dutela originalek baino. Salbuespen gutxi batzuk izan dira, eta niri momentu honetan Breaking Bad eta Better Call Saul datozkit gogora. Benetan zaila da erabakitzea zein den hobea: originala (Breaking Bad) ala spin off-a (Better Call Saul).

Baina, gustura egingo nukeen arren, gaur ez dut Vince Gilligan maisuaren lanari buruz hitz egingo. Remake bati buruz, ordea, bai. Hainbeste maitatu ditut liburu horiek, eta bizitza hainbeste markatu didate, ezen albiste hori irakurri nuenetik ezin baitut egoera katastrofiko baten aurreko beldurra besterik sentitu: Harry Potter saga Max plataformako telesail bihurtuko dutela, alegia.

Ea ba; saiatuko naiz oso zoritxar igarlea ez izaten. Baliteke esperimentua ondo ateratzea. Hainbat hedabidetan ikusi dudanez, Game of Thrones-en bezainbesteko aurrekontua erabiliko dute gauzak ahalik eta ondoen egiteko, eta benetan nabaritzen da, albistea atera zenetik, plataformak datozen urteetan izango duen ekoizpenik potenteenetarikoa izango dela. Baina zerbaitek sosegurik gabe nauka honekin. Ez dakit arrazoia beste ekoizpen batzuekin egin dituzten sarraskiak izan diren —gertukoenak, GOT-en The House of the Dragon eta The Lord of the Rings-en The Rings of Powerspin off-ak—; edo istorioa ia-ia bere horretan kontatzeko asmoa dutela —ez al ditugu horretarako zazpi liburu eta zortzi film jada?—; edo egunetik egunera gero eta jokabide eztabaidagarriagoak dituela iruditzen zaidan JK Rowling idazlea telesail horretako aholkulari lanetan arituko dela.

Kontua da, azken finean, aurrekari eta argumentu gehienak kontra izanda ere, telesaila estreinatzen dutenean ni eta nire belaunaldiaren kasik osotasuna irrikaz egongo garela Potter berriaren aurpegia eta antzezteko era ikusteko; Hermione eta Ronekin duen kimika filmetakoa baino hobea ote den ziurtatzeko; liburuak eta filmek erdi esanda utzitako gauzak modu sakonago batean garatuta ikusteko; Snape berriro gorrotatu eta maitatzeko; Hogwartseko mundu magikora berriro ere bidaiatzeko. Gure nostalgiarekin jokatzen dute, eta guk igerileku horretara buruz salto egiten dugu: horrela jokatzen omen du, azkenaldian, kulturak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.