gaizka izagirre
'Ekografiak'

Hizkuntza gutxituak

2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Filmin plataforman lurreratu denetik sareetan asko aipatzen da Kneecap filma. Euskaldun askoren iruzkinak ere irakurri ditut. Filmak dituen osagai bereziak eta euskararen egoerarekin dituen antzekotasunak izan litezke arrakasta horren eragile.

Izenburuari erreferentzia egiten dion Kneecap Ipar Irlandako hip-hop hirukote bat da; Mo Chara, Moglai Bap eta DJ Provai izen artistikoak dituzte. Rich Peppiatt zinemagileak zuzendutako komedia dramatiko horrek Belfasteko hirukote musikalaren ibilbidea azaltzen du. Taldea, ikuspegi probokatzailea erabiliz, Irlandako jatorrizko hizkuntzaren defentsa sutsua egiteagatik da ezaguna.

Pelikularen ezaugarri nagusiak tonu lotsagabea, erritmo bizia eta protagonisten izaerarekin bat doan estilo bisual kementsua dira. Argumentuak umore garratza eta gazteen kulturako elementuak nahasten ditu, drogen, musikaren eta Ipar Irlandako hizkuntza gatazkaren erreferentziak barne. Gai politiko eta kulturalak jorratzen dira, baina ikuspegi satirikoa erabiliz. Bere tonu lotsagabeaz harago, filmak gai sakonak jorratzen ditu, hala nola hizkuntza gutxituaren zaintza, identitate kulturala eta zapalkuntza politikoaren aurreko erresistentzia.

Kneecap taldeko kideek euren buruarena egiten dute, eta horrek benetakotasuna ematen dio narratibari. Michael Fassbenderrek ere parte hartze nabarmena du, pertsonaietako baten aitaren rola jokatzen du; gazteen kaosarekin kontrastea egiten duen pertsonaia bat da, eta alderdi emozionala indartzen du.

Filmaren izaera frenetikoa aipatu dut lehen; Peppiattek erritmo bizia erantsi dio filmari, hiriko zinema britainiarraren lanik onenak gogorarazten dituen estilo bisual zirraragarriarekin. Muntatze lan azkarrak, kolore biziek eta soinu banda kementsuak gazte kultura lotsagabe baten bihotzera garraiatzen dute ikuslea. Gehienetan gozagarria da, baita entretenigarria ere, baina bestetan gogaitu egiten du. Apenas dagoen arnasgunerako tarterik eta nekagarri samarra izan daiteke.

Kneecap film itxura duen askatasun oihu moduko bat dela esango nuke, irlandar nortasun kulturalaren aldeko ospakizun bat. Lan ausarta eta probokatzailea da, komedia eta kritika soziala orekatzen dituena, baina bere funts errebeldea galdu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.