Zenbat liburu metatu zaizkizu mesanotxean azken hilabeteetan? Nik baditut Durangoko Azokan erositako batzuk noiz zabalduko ditudan zain, beren istorioak kontatzeko gogoz eta beren bilbeetan harrapatu nahian. Udaro bezala, betekada handia izango da nirea, baina digestio txarrik ez dakarten horietakoa. Izan ere, eguraldi txarra dugun arren, dagoeneko dozena erdi liburu irentsi ditut hondartza eta piszinako arratsalde urrietan. Euskaraz gehienak, gaztelaniaz eta frantsesez batzuk, genero eta tema anitzekoak, irakaskuntzarekin loturikoak barne, poliki-poliki itxoiten ditudan guztiak (eta gehiago) eroriko dira, irakurtzea baita txiki-txikitatik oporrekin lotzen dudan plazeretako bat.
Lagunek idazten dituzten liburuak, irakurleen txokoan iradokitzen dizkidatenak, adiskideek aholkatuak, eta, nola ez, baita irratian azaltzen dituztenak ere. Bilbo Hirian Aitziber, Gaizko eta Danel irakasleek egiten duten Liburu Errepublika Txikia podcastaren entzule batek aitortu zien euskal literatura kontsumitzen hasi zela saioa entzutearen ondorioz, aurretik gaztelaniaz baino ez zuela irakurtzen. Hiru esatariek liburuarekiko zaletasuna eraman dute Bilboko Kirikiño ikastolako korridoreetatik mikrofonoetara, azalpen akademizistetatik ihes eginez, eta beren irakurketak komentatuz, eta, duda barik, entzuleen jakin-mina eta irakurtzeko gogoa piztuz.
Ez dakit kasualitatea den izenburuen kointzidentzia,Tolosaldeko Atarian Letren Errepublika baitugu, non «literaturaren, idazleen, liburutegien eta fikzioaren munduan, ZU irakurle... errege edo erregina» bihurtzen den. Saio horretan, irakurketak eta liburuen aurkezpenak, gomendioak… eskaintzeaz gainera, egileekiko solasaldiak ere eskaintzen dituzte. Orain bere bosgarren denboraldiko azken saiora heldu da, baina ziur nago irailean berriz itzuliko dela, eta ez kurtsoa gainditu ez duelako, aitzitik, nota altua lortzen duen saioa delako, tokiko hedabideetan maiz topatzen ditugun altxorretako bat.
Ez da errepublika, Lizardiren baratza baizik, Euskadi Irratian Jose Luis Padronek poesiari eskaintzen dion saioa, astearte eta igande gauetan. Haur eta gazte literatura du hizpide, berriz, Galtzagorri elkartearen Gonagorri podcastak. Gazteengan irakurtzeko grina sortzea ezinezko misioa ematen duen arren, uda izan daiteke sasoi bikaina begirada pantailetatik orrialdeetara eramateko. Lortu ala ez, aipaturiko irakasleen esaldia nire egiten dut: Bizi, irakurri eta izan zoriontsu!