Patrick Radden Keefe ikerketa kazetari estatubatuarrak Say Nothing izeneko ez-fikziozko liburu bat atera zuen 2019. urtean. 1972. urtean IRAk egindako Jean McConvilleren bahiketa aitzakia hartuz, 1970eko hamarkadatik bake prozesura bitarteko gertakarien erradiografia egiten du. Arrakasta handia izan zuen eta, bost urte geroago, Hulu eta Disney Plus plataformetan izen bereko telesaila estreinatu dute.
Liburua amerikar batek idatzi duen arren, telesailaren ekoizpenaren zati bat eta aktore talde osoa irlandarrek osatzen dute. Datu objektiboetatik harago joan nahi badut hobe dut hitzak tentuz hautatu, gaia arantzatsua baita eta nik neuk ere batzuetan ez dakit ongi zer pentsatu. Hasteko, telesaila fikziozko artefaktu gisa hartuko bagenu, dudarik ez dut pieza bikaina dela: aktoreek sekulako lana egiten dute, girotzea sinesgarria da, eta trama oso ondo kontatua dago. Nabaria da, gainera, protagonistak gehienbat IRAko bi ahizpa izanik, euren motibazioekiko enpatia bat garatzen duela. Edo ulertzeko plantak egiten dituela?
Hor dator nire zalantzetako bat. Patria telesailarekin sumindu ginen gehienon ahotan, etakideak eta haien ingurukoak inozo huts gisa islatzen zituztela zegoen. Say Nothing-ekin ez da hori gertatzen: atal asko baliatzen dituzte bi ahizpen eta IRAko giroaren egoera normalizatzeko; elkarrizketa inteligenteak dituzte, euren sufrimendua ikusi eta are justifikatzen da. Horrek agian gatazkarekiko partzialak diren asko lasaitu ditzake: begira ze ondo ulertu gaituzten. Baina amaiera aldera datoz moraleja estaliak, eta hor, adi baldin bazaude, errelatua oso bestelakoa bihurtzen da. Spoilerrik egin gabe, telesail osoan antagonistarik zitalen bezala zein uzten duten argi dago, eta horren atzean motibazio zuzenak daudela nabaria da.
Edo errepara diezaiogun, bestela, Filmaffinityko laburpenean topa daitekeen esaldi bati: «Telesailak kontatzen du hainbeste zatitu zen gizarte bat nola bihur daitekeen bat-batean gatazka armatu». Tira, ba uler dezakezu gizarte zatitu bat zegoela oinarrian, edo uler dezakezu Erresuma Batuko koroak irla oso bateko izkina bat utzi zuela bere menpe, kontrolerako edo probokaziorako.
Funtsean, betikoa: historia egunero idazten da, dela argitalpen zientifikoagoetan, dela Disney Pluseko telesailetan.