gaizka izagirre
'Ekografiak'

Hiru moldaketa

2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun

Zeinen pozgarria den Eider Rodriguezen Bihotz handiegia, Katixa Agirreren Amek ez dute eta Txani Rodriguezen Azken erromantikoak liburuak pantaila handira moldatu dituztela ikustea.Hala ere, aitortuko dut pena apur bat sentitzen dudala, Azken Erromantikoak-en kasua salbu beste bi egokitzapenak ekoizle eta zuzendari espainiar eta katalanek egin dituztelako.

VoD plataformetara iritsi dela aprobetxatuz, Salve María aipatu nahi dut gaur.

«Katixa Agirreren Amek ez dute liburuaren egokitzapen librea da», dio filmaren hasierako oharrak. Mar Coll zuzendari kataluniarra arduratu da moldaketaz, baina argi geratzen da hasieratik ez dugula liburuan ageri den guztia topatuko. Valentina Visorekin batera, ideia nagusiaz baliatu da filmaren gidoia osatzeko.

Maria da pelikulako protagonista. 34 urteko idazlea erditu berria da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet deituriko emakumeak bere 10 hilabeteko bikiak hil ditu bainuontzian. Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra eta infantizidioaren gaia oso presente egongo da haren bizitzan.

Eleberriak zenbait genero nahasten ditu: thrillerra da alde batetik, baina badu saiakeratik eta kazetaritza kronikatik ere. Filma abiapuntu intelektualago horretatik urruntzen da eta emozioaren bideari jarraitzen dio.

Coll, amatasunaren alderik ilunenean murgiltzeko helburuz, thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen da; lehen segundotik lepotik hartu eta etengabe astinduko zaituen proposamen asaldatzailea da. Filmaren atmosfera klaustrofobiko eta itogarri horren eraikuntzan pisu nabarmena dute hala Hitchcocken filmetako kutsua duen Zeltia Montesen soinu bandak nola Nilo Murren argazkilaritza lanak.

Laura Weissmahr aktore hasiberria eta Oriol Pla dira filmeko protagonista nagusiak; Weissmahrrek egiten duen antzezpen lana hamarrekoa da, harrigarria. Itzela da ikustea begiraden eta isiluneen bidez, hitzik erabili gabe, zenbat esaten duen. Puerperio garaian gertatzen diren aldaketa fisiko eta emozional basati horien testigu bilakatzen gaitu.

Gehien harrapatzen eta aztoratzen duena narrazio osoan zehar dagoen mehatxu ikusezin bat da, etengabeko arrisku sentsazioa.

Ikuslearen aurpegira galdera oso deserosoak jaurtitzen dituen pelikula aparta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.