gaizka izagirre
Ekografiak

Hiru hamarkadako inpunitatea

2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Ez da lehen aldia aipatzen dudana baina True Crime generoaren zaleak garenontzat Jean-Xavier de Lestrade (The Staircase, 2004) zinegile frantziarra erreferente garrantzitsua da. Zinegileak ibilbide oso interesgarria landu du azken urteotan, bai dokumentalgintzan eta baita fikzioan ere. Berriki, egin duen lanik biribilenetakoa eta latzena estreinatu du: Sambre. Eredugarria iruditu zait; benetako kasuak jorratzerako orduan fikzioak eman dezakeen (eta eman beharko lukeen) guztiaren adibide aparta da. 

Frantziaren historian emakume gehien bortxatu duen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urte baino gehiagoan garatzen den istorio honetan gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistema beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morboarengandik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatu ditu. Alice Géraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestrade-ek, Marc Herpoux-ek eta Géraud-Arfi-k berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin garrantzitsuenak ezin hobeto pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egituran «nor izango ote da kriminala?» galdera hasieratik saihesten du; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu, eta, beraz, honakoa ez da Whodunit tankerako telesaila. Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestradek eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakusten du. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen duen ezinbesteko obra iruditu zait. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.