Mendebaldea deitutako fikzio demokratikoarenak egin du. Prentsa askatasunaren zutabea ere erori da. Orain arte eskubide goren moduan zuen hori zulotik joan da RT, Sputnik eta beste errusiar hedabideen zentsurarekin.
Euskaldunok etorkizunetik hitz egin dezakegu, gure hedabideak —digitalak eta paperezkoak— itxi ondoren zer etorri zen badakigu: errepresioaren areagotzea, alderdien legez kanporatzea, atxiloketak, muntaia polizialak... Europako Batasunak bide hori hartu du. Norbaitek Europako Batasuna justizia eta demokrazia esparru bezala ikusi izan badu, amaitu da ametsa.
Debeku publikoez gain, diskrezio osoz Twitter, Facebook, Amazon eta Google enpresek ere milaka pertsonari eragiten dioten erabakiak hartu dituzte. Lehen biek kontuak itxiz edo Errusiako hedabideak markatuz edo desagerraraziz. Azken biek, hortaz gain, orain arte bankuek bakarrik hartu zitzaketen neurriak hartuz, beren ordainketa bideak (AmazonPay eta GooglePay) Errusian erabilezin bihurtuz. Moneta digitalekin zer gertatuko den jakitea goiz da oraindik, baina urrun daude zentsuraren kontrako tresna baliagarri izatetik.
Antolaketa kolektiboa gakoa izango da, baina baita neurri pertsonalak hartzen ikastea ere.VPNak erabiltzen ikasi beharko da seguruenik. VPNak sare pribatu birtualak dira, Internet baliatuz kanal zifratu seguru bat sortzen dute segurtasunarekin nabigatzeko eta nondik konektatzen zaren jakitea zailtzeko balio dezakeena. VPN tresna erraz eta sinple bat Rise Up proiektua da (https://riseup.net/vpn). Tor sarea (torproject.org) darabilen nabigatzaile bat ere erabil daiteke horretarako.
Komunikazio pertsonalen segurtasuna ere garrantzitsua izango da. Izan posta elektronikoa edo azkenaldian asko erabiltzen dugun berehalako mezularitza. Whatsapp baino seguruagoa izan daiteke Telegram (modu seguruan) erabiltzea, eta hori baino seguruagoa, akaso ,Signal edo Matrix. Garrantzitsua ere bada mezu sentsiblerik bidaliz gero, ezabatze automatikoa gaitzea.
Munduko gerra batek suposatzen duen haragia txikitzeko makina martxan jarri nahi dute hirugarrenez. Harategian, haragia bi aldiz pasatzeko eskatzen dut batzuetan, baina ateratzen denak apenas duen haragi formarik. Hirugarren aldiz pasatuko banu, pure bat litzateke; gizateriaren antzik ere ez lukeen zerbait.
IRLEN SAREA
Hiru aldiz pasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu