Lide Hernando.
Ekografiak

Hiltzaileak ezagutzen

2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

AEBetako hiri bateko ezleku bat, gauez. Laster agertuko da pantailan zehazki non den azalduko digun errotulua —oroitzen ez dudana—, aurrerago berezigarria bihurtuko den tipografia erraldoi horrekin; eta urte bat: 1977. Hainbat polizia auto daude etxebizitza bloke baten kanpoaldean eta, megafonoz egindako agindu bati jarraikiz, barrutik gizon bat aterako da, arma batez emakume bat mehatxatzen. Polizia gizon haren intentzioa geldiarazten saiatuko da emaitzarik gabe, harik eta autoen artetik gorbatadun gazte bat aterako den arte. FBIko negoziatzailea da, eta haren hitzetan jada nabari dezakegu ahalmen psikologiko handia duela gaizkilea konbentzitzeko arma utz dezan. Egingo dizuedan lehen eta azken spoilerrak Nogen taldearen abesti baten izenburua du: ez da ondo aterako.

Mindhunter telesailaren hasiera hori bai, hori ongi ateratzen da, ordea: hasiera bikaina iruditzen zait telesail horren gainontzekoan ikusiko dugunaren laburpen gisa. Kriminalen alor psikologikoan oinarrituko den thriller bat aurkezten digu, eta beste thriller batzuk atzean uzten dituen errealismo bat du, gehienbat lehen eszena horretan ikusi dugunaren tankerako egoerak ekarriko dituena: euren ahaleginak ez direla gehienetan ondo aterako.

Izan ere, benetako istorio batean du oinarria Mindhunter-ek: FBIn kriminalen profil psikologikoak aztertzen hasi zirenekoa, alegia. Ohartu baitziren, etorkizuneko gaizkileak harrapatu ahal izateko, edota gehiagorik sortu zedin eragozteko, jada kartzelan zeuden horien izaeretan erantzunak topatu behar zituztela. Ez baitzen izaera berekoa egun bakarrez modu pasional eta nahaspilatuan hainbat pertsona hiltzen zituena eta, hilez hil, metodologia jakin bati jarraituz eta sekulako kontua izanez, bere fetitxeak asetzen zituen hiltzailea. Gezurra dirudi gaur egun hain barneratuta dauzkagun ikerketetako kontzeptu ohikoenek —serial killer-ak, krimenek euren perpetratzaileen iraganeko traumekin duten lotura, itaunketa psikologikoak— hain hamarkada gutxi izatea.

Ez dut ezer berririk esango, telesailak hainbat urte baititu jada: baina harribitxi bat da hain higatua dagoen genero horren munduan. Elkarrizketengatik, tentsio-drama orekarengatik, Anna Torvengatik, David Fincherrengatik. Ikusi ez baduzue, zertan ari zarete?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.