Amagoia Mujika Tolaretxipi.

Herritarron bultzada, herritarrona den proiektuarentzat

2023ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Atef Abu Saif Palestinako Kultura ministro eta idazle paregabearen egunerokoa jaso genuen erredakzioan, duela hamar egun; Gazako gerraren erretratu gordina lehen pertsonan. Ez da besterik gabe heldu BERRIAra, gure kolaboratzaile Orsola Casagranderen eskutik baizik. Palestinan, Kurdistanen edota beste txoko zapaldu batzuetan begirada eta bihotza jarriak dauzka urte askoan; ezagutza eta kontaktuak jartzen ditu egunkari honen zerbitzura, pasioz eta grinaz, injustiziak azaleratu beharrez, eta, bere egiteko moduak gure proiektuan ikusten duelako lekua, askatasun osoz.

Informazioa erredakzioaren esku utzi zuen, baina horrekin zer egin erabaki behar zen, lehenbailehen, Gazaren kontrako krudelkeria erakusten duen primerako lekukotza zen eta. Kalitatezkoa, fidagarria, irakurterraza, eta gertukoa, gerren desinformazioa eta deshumanizazioa apurtzeko ezin egokiagoa.

Euskara Taldearekin egin beharra zegoen kontrastea, lehenik eta behin, itzulpenak lan erantsi handi bat zekarkion-eta taldearen egunerokoari; irakurleek lehenbailehen jaso zezaten, egunero egun bat gerran, egun batetik bestera tarterik utzi gabe. Ez zuen zalantza izpirik izan Euskara Taldeak: lehentasunezkoa behar zuen, eta berehala jarri ziren taldekide guztiak lanean. Erredakzioak bideratu zituen gainerakoak; paperean eta webgunean nola erakutsi, Eider Eibarri ilustrazioa eskatu, diseinatzaile taldearekin forma eman... Materiala ostegun gauez heldu, eta gau hartan bertan erabaki genuen. Ostiralean makineria martxan jarri, eta asteartean ematen hasi ginen, gaur duela astebete.

Pasioz bizi ditugulako erronkak, irakurlea aseko duen mamia ematea gustatzen zaigulako, horrelakoek egiten dutelako hobea egunkari bat. Ez dugu beti ongi egiten, eta beste batzuetan, asmatu arren, ez dugu behar besteko oihartzunik izaten, txikiak garelako gure handitasunean. Baina horretan saiatzen gara BERRIAn, egunero, duela hogei urtetik. Izan dira tartean lan bikain batzuk, etxeko profesional ausart eta paregabeei esker, eta baita BERRIA bere etxetzat daukaten kolaboratzaile bikainengatik ere. Aldian aldiak modu erakargarriz eta eraginkorrez kontatzeko helburua izan da beti gure taldearen pasioa, bertatik bertara, guretik mundura eta mundutik gurera, aldi bakoitza, aldian.

Garai bakoitzak izan du berea eta berezkoa. Eta aldi honek ere bai. Ikusten ari gara nola egiten diren gerrak demokrazia distortsionatu bat defendatzeko. Nola demokrazia deitzen dioten horri diktadura eta estatu kolpe deitzen dioten hegemoniak dardarka hasten direnean. Nola migratzaile batzuei osasun arreta debekatzeko erabaki parlamentarioek inor gutxi aztoratzen duen. Nola politikaren judizializazioa hainbat lerroburutara iritsi berri den eskandalu berri bat balitz bezala. Mundu zoro honen injustiziak ez du mugarik, akaberarik ez duen bezala injustizia horiek kontatzeko, esplikatzeko eta salatzeko dugun egitekoak, kazetaritza ona eginez.

Azken hilabeteok ezohikoak izan dira BERRIAren erredakzioan. Egiten duguna egiten jarraitu nahi dugulako, eta ahal bada hobeto, atzera egiterik ez duen bidean sartu gara. Sekula egin dugun aldaketa handiena baita hau. Orduak joan zaizkigu informazioa nola eman eta nola antolatu adosten, nola egin egunkari argi, irakurterraz eta bikaina. Taldeen funtzionamenduaz jardun gara, lanaren antolaketaz; tresna berriak erabiltzen hasteko ikastaroak egin ditugu; sistemaren garapenari buruzko korapiloak askatzeko saioak; edizio sistema bera euskaratzen eta gurera ekartzen lan mardula; diseinatzaileek izerdia egin dute maketazio sistema guztia eta maketak birsortzen, eta beste hamaika xehetasun berregiten eta eguneratzen; teknikoak buru-belarri, gutxik ulertzen dituzten tripak ordenatzen...

Lan horren emaitza izango duzu gaurtik aurrera webgunean eta paperean. Aldaketa integrala, norabide batean, eta nortasunarekin. Mundua zertan ari den kontatzeko. Eta gaurtik aurrera ere zure laguntza beharko dugu, zu bezalako 3.000 babesle gehiagorena gutxienez, independentziaz aritzeko beste modurik ez daukagu eta: herritarron bultzada behar dugu herritarrona den proiektuarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.