Lide Hernando.
Ekografiak

Heroi zuriak

2025eko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zaila da gertuko historian oinarritutako fikzio bat egin eta bertako protagonistekin kritiko izatea. Adibide garbia izan dugu Netflix plataforman ikusi ahal izan dugun The Crown telesailean: batzuetan bazirudien telesailak Ingalaterrako erreginaren ekintzaren baten aurrean postura epailea hartuko zuela, baina, azkenerako, ez zuen ia inoiz bustitzea lortzen. Erregina bera oraintsu arte bizirik egon izanak, akaso, eragingo zuen horretan: sortzaileek The Crown hari eginiko omenaldi bat ez zela behin eta berriro esan arren, funtsean, hori izaten amaitu zuen.

Antzeko zerbait gertatzen da Las Abogadas telesailarekin. Iazko udazkenean RTVEk argitaratutako telesail honetan, 1977an Madrilgo Atocha kaleko abokatu bulego batean ultraeskuindarrek egindako atentatua aitzakia hartzen dute testuinguru horretan ibilitako lau emakume abokaturen ibilbideetan sakontzeko. Manuela Carmena, Lola Gonzalez, Cristina Almeida eta Paca Sauquillo abokatu laboralistak izan ziren, eta frankismo garaian, postura ezkertiarra hartuz, garaiko langileen alde borrokatu ziren, epaitegietan emakume bezala euren lekua aldarrikatzeaz gain. Kontua da, ordea, lau abokatu hauetatik hiru bizirik egoteak zaildu egiten duela euren argi-ilunetan gehiago sakontzea, eta telesailak zerbaitetan huts egiten badu, nire ustean, lau protagonista hauek heroi zuri gisa irudikatzean dela.

Egia da, oro har, iazko ekoizpen espainiarra kontuan hartuta nahiko lan txukuna izan daitekeela; nahiz eta ez den, inolaz ere, Los años nuevos, Querer edota Nos vemos en otra vida lanekin alderagarria. Hala ere, historia hurbilaren zaleentzat baditu hainbat gauza interesgarri; izan ere, frankismoaren azken hatsetan Espainian zegoen giro politiko gorabeheratsuak askorako ematen du: alderdi politikoen eratzea, sindikalismoa, grebak, bilera klandestinoak. Halaber, niri, behintzat, epaitegietan gertatzen diren tirabirak asko interesatu izan zaizkit beti.

Irene Escolar, Elisabet Casanovas, Almudena Pascual eta Paula Usero aktoreak egoki daude lau abokatu hauen paperean, baina distira askorik egin gabe; egia esan, lehen biak behintzat askoz hobeto ikusi ditut beste ekoizpen batzuetan, eta horrek aktore zuzendaritzan apur bat gehiago estutu zezaketela pentsatzera narama.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.