Badira urte batzuk helduei bideratutako animaziozko telesailek merezitako espazioa bete dutela, baina azken boladan horien presentzia eta indarra nabarmenagoa iruditzen zait; Creature Commandos, Invincible, Primal, Undone, Arcane, Strappare lungo i bordi, eta Blue Eye Samurai adibidez proposamen bikainak iruditzen zaizkit.
Berriki ikusi dudan batengan jarriko dut arreta gaur: Common Side Effects. Mundu osoko gaixotasun guztiak sendatzeko gai den onddo bat deskubrituko balitz, enpresa farmazeutikoak prest egongo al lirateke argitara atera dadin? Hori da telesail horren mamia. Umorezko thriller horren protagonistak Marshall eta Frances dira, aurkikuntza harrigarriaren atzean dauden laborategi bateko kide ohiak.
Adult Swim-en (Rick and Morty, The Eric Andre Show edo Robot Chicken ) zigilupean eta Joe Bennett sortzailearen eskutik lan ausart eta ezohikoa lurreratu da Max plataforman. Ekoizleen artean izen ezagunak ageri dira: Mike Judge (Beavis and Butthead, Silicon Valley) eta Greg Daniels (The Office, Parks and recreation).
Egileek, helduentzako animazio eta umore satirikoaren bilgarriaren azpian, sistema kapitalistari eta industria medikoaren ustelkeriari gaitzespen zorrotza egiten dion istorioa eraiki dute. AEBetako osasun sistemari eta industria farmazeutikoari egindako kritika da telesailaren alderdi aipagarrienetako bat.
Adult Swim-en beste ekoizpen batzuen ildoari jarraitzen dion animazio lana topatuko du ikusleak; animazio errealista baten aurrean ez egotea oztopo izan daiteke askorentzat, baina kasu honetan elementu erakargarrienetako bat da. Estilo surrealistak eta xeheak narratiba ezin hobeto osatzen dute, eta istorioaren elementu fantastikoei sakontasuna ematen diete.
Proposamenak jariatzen duen tonua bitxia da: umorezko konspirazio thrillerra etiketa izan liteke, akaso, egokiena. Helduentzako proposamena izaki, indarkeria maila ohiko animaziozko lanetan baina handiagoa da; ez da doakoa, ezta gehiegizkoa ere, kontakizunaren parte da, eta narrazioa aberasteaz gain, gaiaren berezko gordintasuna indartzeko balio du. Umore beltzak ere leku nabarmena betetzen du kontakizunean, arindu egiten du guztia. Barrearen eremuan BoJack Horseman-en zinismoaren printzak topatu ditu ikusleak eta thrillerraren arloan Coen anaien oihartzunak.