Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hazparne vs Majadahonda

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

Ez dira nire hitzak, eta hitz hauek, gainera, ez dute, berez, ezer berririk ekartzen, askok aspaldidanik pentsatzen duguna berritzen baizik, baina ezin izan diot eutsi Julen Gabiriak Binke!-n (Galdakao eta Usansoloko aldizkarian) argitaratu berri duen Ideologia ari du artikuluari oihartzuna emateko tentazioari, eta artikuluko pasarte pare bat ekarriko dut hona. Hau idatzi du Gabiriak: «Denak segitzen du izaten politika, ETBko albistegiak jarri eta ikusten duzunean lehen eguraldiaren maparako zena orain pandemiarako ere badela: batetik daudela EAEko datuak, bestetik Nafarroakoak, eta hurrena munduko gainerako tokietakoak, zorte pixka batekin agian Iparraldea deitzen dugun ezleku lanbrotsu horretakoak ere bai. Hori ez bada politika egitea, hori ez bada dosika-dosika ideologia jakin bat txertatzea inongo laborategitan testatu ez den ziztada baten antzera, azalduko ote dit norbaitek zer den orduan». Aurrerago hau dio: «Nik nahi nuke nazio ikuspegia eskaintzen duen komunikabide publiko bat, hurbilagoak zaizkionak Hazparneko PCR probak Majadahondakoak baino, erreferenteak gure artean bilatuko dituena, elkarrizketatuei euskaraz erantzuteko eskatuko diena».

 

Ez naiz telebistako albistegien oso zalea; horretarako nahiago izaten ditut irratia eta egunkaria. Ez dakit oso ondo zergatik, baina irudipena dut irudiek gertakarietara gerturatu baino gehiago urrundu egiten nautela; nobela pelikula baino nahiago izatearen pareko kontua izango da akaso. Horrenbestez, ez dut ETBko albistegien azterketa zorrotzik egin, baina ikusi dudan eta dakidan apurrak Gabiriarekin bat egitera narama, eta argi dago alferrik nekatzea litzatekeela argiago eta hobeto azaltzen ahalegintzea.

Euskararekin gertatzen dena gertatzen da (euskal) nazio ikuspegiarekin ere: eskura ditugun telebista kanal publiko guztietan eta kanal pribatu indartsuenetan ez dela existitzen, ez dela denik ere aipatzen, edo, aipatuz gero, gutxiesteko da lautik hirutan. ETBri salbuespena izatea egokitzen zaio, euskarari dagokionean bezala (euskal) nazio ikuspegiari dagokionean, baina, hipotesi onberenaren arabera, inertziaren mende utzia du bere burua, jitoan, eta korronte nagusiek, jakina, Majadahondara daramate Hazparnera baino aiseago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.