urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Haurrak aktore

2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Adibideak askotarikoak dira, kasuistika aldakorra da. Film bakoitzaren barne historia berezia da, esan beharrik ez dago. Baina, film txukun batean protagonistetako bat haurra denean, gehienetan atzean dagoen zuzendariaren trebezia dago. Zuzendariak neska edo mutiko aktorearekin egiten duen lana, itzaleko lan hori, funtsezkoa da istorioak pantailan funtziona dezan. Haur hori sinesgarria izan dadin, pelikularen kalitatearen mesedetan.

Lerro hauetan ez da iradoki nahi neska-mutikoei ez zaienik saririk eman behar. Baina, adibide batzuk emanda, saritutako haurren meritu handia zinemagileen begi onarekin lotuta dago —askotan luze aritzen dira batera eta bestera haur egokienaren bila—. 1997. urtean, Montxo Armendariz zinemagileak Secretos del Corazón film hunkigarria estreinatu zuen. Andoni Erburu mutikoari aktore hasiberri onenaren Goya saria eman zioten. Armendariz hautagaia zen zuzendari onena izateko, eta ez zioten saria eman. Baina, argi denez, Erburu gaztetxoari saria ematen ari zirenean, Armendariz ere ari zen aitortza jasotzen.

'BIHOTZONDOKO SEKRETUAK' FILMA
'Secretos del Corazón' filma. BERRIA

Gauza bera esan daiteke iazko otsailean Sofia Oterok —9 urterekin— Berlinalen aktore onenaren saria jaso zuenean. Sari horren aitortza Estibaliz Urresola zinemagilearentzat zen, 20.000 especies de abejas filmean haurrak lortzen duen sentsibilitatea zuzendariaren begiradan, jokabidean eta enpatian baitago. Zinemagileekin batera haur aktoreekin egindako lan hori ikertzeko moduko gaia izan daiteke, baina zerbait argia da: zinemagilea ona denean, zukua aterako dio istorioko haurrari. Baina faktore asko hartu behar dira haur batek bikain bete dezan filmak behar duena. Lortzen denean, noski, zoragarria da.

Sofia Otero aktore onenaren saria jasotzen Berlinalen.
Sofia Otero aktore onenaren saria jasotzen, 2023ko otsailean, Berlinalen. HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Batzuetan, haurrek berezkoa dute naturaltasuna eta izaera. Horrek eragina du fikziozko pertsonaiaren emaitzan. Pilar Palomero zinemagilearen La maternal filmean, Carla Quilez aktoreak haurdun gelditu den nerabe batena egiten du. Donostiako Zinemaldian saritu zuten Quilez, eta haren lana sekulakoa da, eta are garrantzitsuagoa da kameren atzean Palomerok egiten duen guztia.

Carla Quilez aktore onenaren sariarekin Donostiako Zinemaldian.
Carla Quilez aktore onenaren sariarekin, 2022ko irailean, Donostiako Zinemaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

'Het Smelt' filma

Aipatutako film horiez gain, bada Belgikak eta Herbehereek ekoitzitako film bat, Het Smelt izenekoa, non haur protagonistak egiten duen interpretazioa txapela kentzekoa den. Rosa Martchant du izena aktore gaztetxoak, eta iaz Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Sundanceko Zinema Jaialdian (AEB). Kasu horretan ere, kameren atzean dagoen zuzendariaren begirada nabarmendu behar da: Veerle Baetens Belgikako zinemagilearena. Filmak kontatzen du gaztetxoak zein krudelak izan daitezkeen batzuk besteekin. Hortik harago doa: 13 urteko neska hura 13 urte geroago ageri da, 26 urterekin. Autoan izotz bloke handi bat darama, eta ikusleak ez daki argi zer gertatuko den izotzarekin. Gidoi aparta du pelikulak, gogorra da oso. Eta aitortu behar da, gainera, Martchant aktore nerabeak egiten duen interpretazioak ikuslea harrapatu egiten duela. Filmin plataforman ikus daiteke zinta.

'Het Smelt' filmaren trailerra.

Aipa daitezke makina bat haur aktore eta beste hainbeste pelikula ere. Carla Simonen Estiu 1993 filmean Laia Artigas txikiak egiten duen interpretazioa da beste adibide on bat. Edo Simonen beraren Alcarràs sarituan —Berlinen Urrezko Hartza jaso zuen— haur guztiak zein natural dauden. Zein natural dauden haur guztiak Bañolet euskarazko filmean ere. Kanalduden dago ikusgai fikziozko lan hori. Eta pelikulako neska-mutikoek ez dute lortu saririk, baina maitagarriak direnik ezin da ukatu. Eta haien freskotasuna pantailan agertu dadin, Paxkal Irigoien Etxeberri eta Maia Iribarne Olhagarai zuzendarien lana ezin da albo batera utzi. Eta nola ahaztu Nire eguneroko maitea film laburraren neskato protagonista: Aiur Elizondo. Ximun eta Manex Fuchs anaiek eta Eñaut Castagnetek zuzendutako lan interesgarri hori ere Kanalduden ikus daiteke.

Ziurtzat jo daiteke datozen hilabeteetan iritsiko direla neska-mutiko gehiago pantaila handiko istorioetara. Ahaztu gabe atzean lan handia egongo dela egina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.