Iragan hilabetean gazteentzako hedabide digital bat sortu zuen Ulu Media ekoiztetxeak; sei podcast iragarri zituzten, Lista beltza, Arnasa, Glitx, + = -, Bineta eta gaurko zutabean hizpide izango dudanHamaiketakoa.
Oier Aranzabalek berak gidatzen duen Barruan gaude podcastaren oinarria eta esentzia antzeman daitezkeen arren, hemen, hamaiketako baten bueltan arituko da, gertutasunez eta goxotasunean, gonbidatu batekin batera; Antton Telleria eta Miren Gaztañaga izan dira lehenengo mahaikideak. Arabako ardoekin eta intxaur, gazta, txoixo muttur, ogi, irasagar eta patata-tortillaz inguratuta hainbat konturen inguruan aritu dira solasean.
Egia da maila horretako bi gonbidatuekin hasteak plusa ematen diola, eta beste aparteko apaingarriren beharrik gabe ere badela nahiko produktu erakargarria, baina zimenduak eta proposamena hain dira onak, ezen edozein gonbidatu trakets eramanda ere, ni neu esaterako —begi keinua—, ezinezkoa litzateke ezer txarrik egitea.
Telleriarekin promozioaz, publikoaren harreraz, Ninini emanaldi berriaz eta jendea haserretzeaz aritu dira, besteak beste. «Egun on! Ardoa edan behar dugu gaur goizean? Zoragarria, kristoren oparia», bota du aldiz Gaztañagak solasaldiaren hasieran; laster estreinatuko den Azken erromantikoak filmaz, Zeru ahoak telesailaz, antzerkiaz, kantzelazioaren kulturaz, plataforma digitalen garaian aktore izateaz eta beste hainbat kontu interesgarriz aritu dira. Tartean, ASMRaren zaleentzat, mahaian dauden jakien soinu-festa.
Ez da nire asmoa Barruan gaude-rekin etengabe alderatzea, desberdinak direlako, baina Aranzabalen nortasuna eta elkarrizketatzeko modua hemen ere giltzarri dira. Uste dut beste gidari batek ez lituzkeela fruitu berak jasoko, trebetasun berezia duelako naturaltasun giroa sortzeko: antzematen da gonbidatuak oso eroso daudela.
Hamaiketakoaren testuinguruak —eta janari zein edarien joan-etorriak— podcastari ematen dion balio erantsia ere oso berezia da; freskoa, gertukoa eta oso ukigarria. Botilari kortxoa kendu eta ardoak koparen aurka talka egiten duen soinu berezi horren parekoa da Hamaiketakoa podcasta: leuna, atsegina eta gustagarria.
Bide batez, gogoratu komunikabidea babestu nahi baduzu ULUAkide egin zaitezkeela.