urtzi urkizu
Telebista

'Hamaika entzuteko' vs. 'Kolpez kolpe'

2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Urteko lehen seihilekoan telebista konbentzionalean euskaraz ikusi diren 24 minutu onenak TVEn eman dituzte. Faltsukeria? Ez, ba, kontua da La2 kateko Los conciertos de Radio 3 saioaren barnean, Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoko kantak eskaini zituela. Emanaldia osorik eta doan dasta daiteke.

Urbizuk, lau urteren ostean, otsailean argitaratu zuen bere bakarkako diskoa. Eta ondotik egin zizkioten elkarrizketen artean, Hamaika telebistako Kolpez kolpe saioan Naroa Iturrik eta Ekhiñe Atorrasagastik egin ziotena ez zen batere gaizki egon. Bere momentuan ikusi ez zuenak Youtuben dauka:

Gorka Urbizuren elkarrizketa, Hamaikaren 'Kolpez kolpe' saioan.

Izan ere, denboraldi honetan punta-puntako gonbidatuak izan dituzte Hamaika telebistaren saio horretan. Lau denboraldi egin ditu programak, eta euskarazko telebistagintzaren eskaintzan bere tokia egin du. Asteburu honetan eman dute denboraldiko azkeneko atala. Eta atal horren parte bat hilaren 14an grabatu zuten, Donostiako Bukowsky tabernan. Giro ederra izan zen, txaloak eta barreak tartean.

Naroa Iturri eta Ekhiñe Atorrasagasti 'Kolopez Kolpe' aurkezten, Donostiako taberna batean.
Naroa Iturri eta Ekhiñe Atorrasagasti 'Kolpez Kolpe' aurkezten, ekainaren 14an, Donostiako Bukowsky tabernan. URTZI URKIZU

Atorrasagastik eta Iturrik urratu dute bidea. Solas mahaian izan dituzte denboraldi honetan makina bat analista fin. Harrigarria da —zerbait esateagatik— Euskal Telebistak herritar bati duela aste batzuk eman zion erantzuna: herritarrak galdetu zuen ea zergatik hauteskunde gau batzuetan ETB2ko saioan sei analista dauden eta ETB1ekoan hiru. Telebistak erantzun zion zailtasunak izaten direla euskaraz jardungo duten analistak aurkitzeko.

Zailtasunak beti daude, noski. Baina ETB1 kateko Hamaika entzuteko saioan azkeneko asteetan bi solaskide mahai osatu dituzte, eta astero puntako gonbidatu bat elkarrizketatu. Datorren asteartean amaituko da Orio Produkzioak ekoiztetxearen aktualitateko programa horren denboraldia. Eta distantziak distantzia, baditu antzekotasun batzuk Hamaikaren saioarekin. Jakina da Hamaikaren programak sos gutxiago dituela, baliabide gutxiago —zirikatzaileagoa da, ordea, ETB1ekoa baino—. Plato handiagoa eta gauzak egiteko aukera gehiago dituela ETB1ekoak. Baina, hara non, estetika gorri hori ez da hain desberdina. Analisi mahaietan, bestalde, solaskide gehiago agertzen dira ETB1ekoan. Baina analista gutxiagorekin, patxada handiagoz hitz egiteko aukera izaten dute Hamaika telebistakoan. Ikusleen mesedetan, ona litzateke ETB1eko Hamaika entzuteko eta Hamaikaren Kolpez kolpe saioek jarraipena izatea datorren ikasturtean.

Klaudio Landa ETB1eko 'Hamaika entzuteko' saioko aurkezlea.
Klaudio Landa, ETB1eko 'Hamaika entzuteko' saioko aurkezlea. ETB

Trebea da Klaudio Landa aurkezlea egokitzen zaion testuinguruan neurria ematen. Badu eskarmentua, noski, eta Gaizka Izagirrek ere duela gutxi bere bertute batzuk goraipatu zituen. Ondo legoke, edonola ere, Kolpez kolpe-ko Iturri eta Atorrasagasti aurkezleek, lau denboraldi hauetako lanaren ostean, leku gehiagotan aitortza jasotzea. Ez dute meritu makala.

'Canis fidelis'

«...Lau kazetari zorrotz horiekin, baditut bi irudipen: zer animali diren jardun det buruari eragiten. Txorien lumak dituzte, baina zeinen ederki dakiten batzuri isatsa mugitzen eta besteri zaunka egiten...». Hala kantatzen zuen Jon Sarasuak Canis fidelis kantan, 1995. urtean argitaratutako Fauna txiki bat bertso berritan diskoan —Aitor anaiarekin batera ondu zuen Sarasuak—. Zirikatzailea zen oso kanta hura kazetariekin —edonork suma dezake ETBko kazetariei buruz ari dela—. Disko horren gainean mintzatu dira berriki Goienaren Fukuyama podcastean.

Jon eta Aitor Sarasuaren Canis fidelis kanta (1995).

Aurrekoan, Klaudio Landak Hamaika entzuteko saioan egindako elkarrizketan, bestalde, zera esan zuen Sarasuak: «Telebistak, Euskal Telebistak ere, herritarrei esaten die zer pentsatu behar duten». Nahiko jakina da hori. Edonola ere, esanguratsua da ETBko zein elkarrizketatu gutxi ausartzen diren ETBri buruz zerbait esatera. Sarasuak elkarrizketa hartan esandako batzuk, ba... ejem, ez ziren oso egiazkoak edo fundamentuzkoak ere; Karlos Aizpuruak zuzendutako Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? udako ikastaroa bada seinale bat eztabaida eta ikerketa badela esateko, esaterako.

Baina aitortu behar zaio Hamaika entzuteko saioari Sarasua platora eramana —hogei urte inguru zeramatzan ETBko plato batera joan gabe—. Saioak ikusle datu oso ona lortu zuen. Euskarazko telebistagintzak behar ditu halako elkarrizketak eta halako momentuak. Arrazoiz gero kontra edo alde egiteko bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.