gorka julio

Hackeagarri

2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Yuval Noah Hararik «animalia hackeagarriak» garela dio, bioteknologian, adimen artifizialean eta big datan egindako aurrerapenekin gizakiak inoiz ez bezala ulertu, aurreikusi eta manipulatu daitezkeela argudiatuz.

Haren arabera, giza biologiaren ezagutza sakonak, gaitasun konputazionalarekin eta konektibitate globalarekin nahasturik, aukera ematen die korporazioei eta gobernuei gure erabakietan eta portaeretan zuzenki eragiteko. Baliabide teknologiko horiek kontrolatzen dituztenen esku gelditzen garen gizaki hackeagarri bihurtzen gara horrela.

Manipulazio teknologikoari buruzko kezkak baliozkoak badira ere, konnotazio negatiboarekin hackeagarri terminoa erabiltzeak hackingaren jatorrizko esanahia desitxuratzen du erabat. McKenzie Wark teoriko kulturalak A Hacker Manifesto liburuan, hacker kulturari buruzko beste ikuspegi kritiko eta garaikideago bat eskaintzen digu.

Warkek argudiatzen du hackerrak, ezagutzaren eta informazioaren pribatizazioaren aurka borrokatzen duen, sortze fasean dagoen klase sozial bat direla. Warken arabera, hackerrek informazioa, kapitalak eta estatuek ezarritako murrizketetatik askatu nahi dute. Ezagutzarako sarbidea demokratizatuz eta sormena eta berrikuntza sustatuz. Hackerrak dauden botere-egiturei aurre egiten dioten eraldaketarako eragile gisa ikusten ditu alegia.

Bere ikuspegia Hararik hacker terminoari egozten dion konnotazio negatiboaren guztiz kontrakoa da. Hackerrek gizartea eralda dezakeen indar positiboa adierazten dute, informazioaren eskuragarritasunean askatasuna eta berdintasuna, ez kontrola eta manipulazioa. Bide batez, Katakrak liburuak editorialak Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza bere azken liburua itzuli du; itzulpena Danele Sarriugartek egin du eta hitzatzea Jokin Azpiazuk.

Ez da Hararik balioespen etiko interesgarria egin, baina gero beste leku batzuetara desbideratzen dituen lehen aldia. Azkena bereziki mingarria da, Gazako zerrendaren aurkako genozidio betean «zibil israeldarren aurkako eraso lazgarriei buruzko elkartasun falta» aipatu zuen azkenekoz. Harari elite kulturalen guru tegnologiko garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Ez da kasualitatea, beraz, beren posizio gehienek, interesgarriak iruditu ala ez, inoiz ez erasotzea mendebaldearen interesei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.