gorka julio

Habsora eta harago

2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Teknologiak gure eguneroko bizitzak iraultzeaz gain, gudu eremua ere eraldatu du. Palestinako genozidioan duten rola modu gordin eta lazgarrian erakusten dute tresna horiek. Aurrerapen neutral hutsak izan beharrean, gerra mota berri baten arma bihurtzen dira. Eta gerra-mota hori ez da eremu fisikoan bakarrik libratzen, baizik eta baita gure gorputzetan ere, justiziaz eta gizatasunaz dugun pertzepzioa ukitzeraino.

Israelgo indar armatuek adimen artifiziala erabiltzen dute; Habsora sistema, adibidez. Hori ez da soilik teknologiaren militarizazioaren erakusgarri, baizik eta eraginkortasun teknologikoa genozidio helburuetarako nola erabil daitekeen erakusten du. Gazako helburuen hautaketa automatizatuak, nor bizi den eta nor hiltzen den erabakitzen duten algoritmoen hoztasunarekin, gatazkaren deshumanizazio ikaragarria erakusten du.

Baina gudu eremutik harago, palestinar herriaren aurkako apartheid digitala egiteko erabiltzen da teknologia. Aurpegiaren ezagupena eta zelatatze masiboaren bidez; zapalkuntza garai modernoetara nola egokitu den beste behin erakutsiz. Big Techen papera berriro ere gerrako makineriari funtsezko azpiegitura ematea izan da. Korporazio horiek indarkeria sistematizatu baten konplize aktibo bihurtu dira, eta horrek etika korporatibo galera baino, eza erakusten du.

Informazio gerra da gatazka honen beste fronte bat. Narratibaren manipulazioa, diskurtsoaren kontrola eta palestinarren aldeko ahotsen zentsura. Israelek sare sozialen plataformen eta publizitate digitaleko enpresen laguntza paregabearekin erabiltzen dituen ohiko taktika bihurtu dira. Horrek, adierazpen askatasuna ahultzeaz gain, errealitatea desitxuratzen du munduan, iritzi publikoari eta nazioarteko diplomaziari eraginez.

Panorama ilun horren aurrean, zalantzan jarri dezagun gure konplizitatea ere, teknologia horien erabiltzaile globalak garen aldetik. Axolagabekeria edo ezjakintasuna ez dira jada aukera bideragarriak. Une kritiko batean gaude, zerbitzu digital jakin batzuk erabili edo nola erabili erabakiak gure eguneroko bizitzatik haratago doazen inplikazio etiko eta politikoak izan ditzakeelako. Ekintzarako deia argia da: erantzukizuna eskatu behar diegu enpresa teknologiko horiei, eta zapalkuntza-makineria batean nahi gabe parte hartzeari uko egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.