Itxi begiak eta une batez saiatu irudikatzen zure herria tokiko merkataritzarik gabe; ez arropa-dendarik, ez okindegirik, ezta harategi edo arraindegirik ere. Soilik ostalaritzako lokalak eta Interneten bidez egindako erosketak jasotzeko gune inpertsonalak, beharbada edertasun-zerbitzuak eskaintzen dituen establezimenduak eta ezer gutxi gehiago. Ikuskari beldurgarria, ezta? Izan ere, tokiko saltoki eta lantegi txikiek bizitasuna ematen diete gure herri eta hiriei, eta horiek barik bihotzik gabeko lo-eremu hutsak bihurtzeko arriskua dago.
Internetek eroste-ohiturak aldatu baditu ere, ez duzu ukatuko, irakurle, tokiko dendariek eskaintzen duten balio erantsia ez dela erraz topatzen klik batean egindako erosketa batean, eta ez soilik izendatzen ez dakigun produktu hori dendariak zein den asmatzen duenean edo lagun edo amaren oparia erostera goazenean berak guk baino hobeto dakielako zer duen gustukoa edo zein datorkion ondoena… Zenbaitetan ia guk baino hobeto ezagutzen du geure burua, eta okela hori ez eramateko aholkatzen digu, edo presa ez badugu, bihar arte itxoiteko…
Gainera, tokiko dendariek herriko kronistek baino hobeto azaldu ahal dituzte bertan gertatzen diren historiak eta kontatzen diren istorioak. Eta horrela agerian uzten dute GITBk egiten duen Bareak Saltsan podcastean. Beasaingo (Gipuzkoa) merkatarien elkartearen eskutik eta Xabin Fernandezek aurkeztuta, hilean behin, eta ordu erdi inguruan, Goierriko herri horretako tokiko saltokietako hiruna kiderekin solasaldian, anekdotak, txutxu-mutxuak, eta mostradorearen beste aldetik ikusten direnak agertzen dira, oso tonu umoretsu eta atseginean.
Bi atal plazaratu dituzte dagoeneko, martxoan eta apirilean, eta, telebistan zein bideopodcast formatuan ematen badute ere, entzuteko saioa ere bada, irratsaioaren itxurakoa. Arlo horretan, hobetu dute lehenengo saiotik bigarrenera, estreinaldian solaskideren batek mikroari hitz egin behar ziola ahazten baitzuen eta urrutiagotik entzuten baitzitzaion, baina hori konpondu da hurrengoan. Beste hobekuntza bat, dudarik gabe, mahaian eseritako solaskideek gozatu zuten gosaria izan zen, presarik gabe dastatzekoa.
Gure herri eta hirietako merkataritza txikiarekin gertatzen den bezala, gertuko hedabiderik gabeko mundua ere ez nuke irudikatu nahi, eta hori gerta ez dadin elkarren beharra dute biek, baita gurea ere.