Azken urteotan, eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakada eta horrekin batera mezu arrazista, faxista, matxista eta xenofoboen ugaritzea oso nabarmena izaten ari da, bereziki sareetan. Hazkundea ez da kasualitatearen eraginez sortu, faktore soziopolitiko, teknologiko eta kulturalen konbinazio baten ondorio da, diskurtso ultraeskuindarrek ikusgaitasuna eta eragina irabaztea ahalbidetu baitute.
Igoera horren atzean dauden faktore nagusietako bat plataformen erabilera estrategikoa da. Sareak funtsezko tresnak bihurtu dira ideiak zabaltzeko, jarraitzaileak mobilizatzeko eta komunikabide tradizionalen narrazioak zalantzan jartzeko. Diskurtso horiek topatzeko, gainera, ez dugu urrutira joan beharrik, hortxe ditugu adibidez hainbat eragile antifaxista eta antirrazistak salatu duten Lo que no te cuentan de Donosti eta tankerako kontuak; Iruñean, Gasteizen eta Bilbon erreplikatu egin dute formatua.
Zorionez, justizia soziala, askatasuna eta aniztasuna oinarri hartuz diskurtso horiei aurre egiteko lanean ari da hamaika kolektibo, mezu horiek guztiek dianan jartzen dituzten herritarren babesleku eta aterpe izateko xedez. Ahotsak eta Hamaika Telebistak, esaterako, kolektibo horietako kideekin saio berri bat sortu dute tolerantzia, errespetua eta bizikidetza sustatzeko: Aterpea. Hainbat gai jorratzen dituen programa bat da, baina eskuin muturraren diskurtsoei kontra egiteko helburu argia duena. Aurkezlea Mikel Urabaien da.
Atalaren hasieran, Naiara Bergez aktoreak clown baten rola jokatzen du, gaiaren ikuspegi metaforikoa eskaintzeko. Jarraian, off-eko ahotsean, Urabaienek aurkezpen laburra egin eta, ondoren, solasaldia abiatzen da.
Lehen saioan, zurrumurruak izan dituzte hizpide eta gonbidatuak Xabier Jauregi (zurrumurruen aurkako Zaska sareko ordezkaria) eta Ruben Lasheras (Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologiako irakaslea) izan dira.
Saioaren itxura estetikoa ezin sinpleagoa da: atrezzo gutxi eta apaingarririk ez, baina benetako garrantzia edukiari ematen zaio eta hori eskertzekoa da. Zatirik deigarrienen bideoak sare sozialen bidez zabalduko dituzte.
Lehen atala besterik ez dute eman (bigarrena gaur), baina orain arte ikusitakoari so eginez irmotasun osoz gomendatzen dudan saioa da; argi-izpi bat eskuin muturrak ekarri digun iluntasunean.