Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gurasorik gabe

2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Badoaz gurasoak oporretara. Egun batzuez, etxea zurea izango da behingoz. Zurea, eta zure lagun, bikotekide edo maitaleena. Hala moduzko independentzia hori estreinatzeko bide bat eta bakarra dago: deitu lagunei, etxean batu, eta festa-giroan, luzatu nahi beste. Izango duzu, aurrerago ere, dena txukundu eta tabako usaina uxatzeko denbora. Nork ez du bere biografian gisa horretan hasten den pasarteren bat? Bada, gertakari horrexekin abiatzen da Gaztearen Youtubeko kanalean zabaldu duten Beita telesaila. Halako festa klandestinoak bukaera gazi-gozo asko izan ditzake —zenbat sofa erosi-berri orbaindu ote dira hala?—; baina gutxi dira Ekiren etxekoa baino ilunagoak: bertako norbaitek Izaro bortxatu duela iradokitzen duten argazkiak aurkitu dituzte. Eta galdera horrek jarri du lagun-talde osoa dantzan. Nor izan ote da? Ikusgai jarri dituzten lehen lau atalek thriller kutsu nabarmena dute.

Ez diot websail izenondoa jarri nahi izan —gero eta zailagoa da websaila edo telesaila bereiztea—, baina ezohiko lana da Beita. Xup! antzerki talde oñatiarrak sortu, idatzi eta zuzendu du proiektua, eta bertako kide gehienek orain gutxi gainditu dute 20 urteren langa. Finantzaketa kolektibo bidez lortu dute proiektua bultzatzea, eta 2021ean plazaratu zuten izen bereko antzezlana du oinarri. Lagun talde gazteak baliabide gutxirekin baina ilusioz ondu duen proiektua da. Horri dagokion neurrikoak dira telesailaren herrenak —pertsonaien adierazpenek informazio gehiegi emateko joera dute, eta aktore zuzendaritzan badago zer hobetua—, baina baita indarguneak ere: pertsonaien eraikuntzan zein gaien trataeran asko antzematen da euren kezka eta bizipenak zuzenean islatu dituen lantaldea dagoela atzean. Teknikoki, ezaugarri horiek dituen lan bati eska dakiokeenaren gainetik dagoen emaitza fina lortu dute. Hainbeste, non Gazteak eta ETBk erakusleiho lana egitea lortu duten.

Ospatzekoa da: aldiro-aldiro, gazte talde bat elkartzen da han edo hemen, zerbait kontatuz gozatu eta ikasteko. Gurasorik gabe. Autogestiotik abiatu diren ikus-entzunezkoen zerrenda luzean, beste katebegi bat da Beita. Bartzelonan, Madrilen edo New Yorken master garestiak egitea bide ederra da ikus-entzunezkoak nola egin ikasteko. Baina ez da bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.