Ostegunean aurkeztu zuen EITBk bere audio plataforma berria, Guau, Gure Audioaren akronimoa eta, aldi berean, entzulearengandik aditu nahi duten interjekzioa. Aro berriaren hasierakoa delakoan aurkeztu zuten, lagunez eta kultur eragileez beteriko ekitaldi entretenigarri eta ondo antolaturiko batean. Hasiera ederra, benetan, eta, ausartuko nintzateke esaten, ideia horren atzean egon diren hainbat pertsonak merezi zuten ospakizuna. Orain, erronka elikatzea da, eta sorturiko espektatibei erantzutea. Proposamenak badituzte, behintzat!
Estetika zainduarekin, oso modu errazean, EITBko irratiak, podcastak —berezkoak eta irratsaioetatik jaioak— eta audioliburuak eskuragai daude klik batean. Zuzeneko programazioez gain, norberak nahi duen entzun-zerrenda ere egin dezake, saioak off-line aditu edo literaturaz gozatu. Hori bai, hobeto sakelako telefonoko aplikaziotik webgunetik baino.
Bereziki gazteei zuzendutako plataforma izanda, aplikazioaren logikari jarraitzen dio, eta, nire lehenengo saiakera pixka bat dezepzionagarria izan bazen ere, (nire adinekoa den) lagun baten aholkuari jarraitu eta esperientzia askoz hobea izan zen sakelako aplikazioa jaitsi eta gero. Webgunean sartu nintzenean, euskara aukeratu arren, gaztelaniazko katea agertzen zitzaidan Euskadi Irratiaren aurretik, eta katalogoan ere gaztelania lehenesten zen, ustez euskara ardatz izango zuen plataforma batean. Sakelakoan, berriz, hizkuntza aukeratuta, euskarazko programazioa agertzen zait. Primeran!
Euskarazko podcastgintza oparoa da, talentu eta sormenez beteriko denetariko saioak topatzen ditugu, eta espero dut Guaun haiekiko elkarguneak sortzea. Beldur nago, ordea, behin euskaldunak erakarrita, gaztelaniaren aldeko apustua nagusituko dela, eta ildo horretan sintoma kezkagarria iruditu zait plataformaren sorrerarekin batera estreinaturiko hiru podcastetatik bi gaztelaniazkoak izatea, Holibionte-ren arrakasta ikusita gaztelaniazko bertsioa promozionatzeko aurrekaria ere hor dago-eta.
Errezeloak errezelo, albiste pozgarria iruditzen zait Guau plataformaren sorrera, eta konfiantza dut horren atzean lana eta bihotza jarri dituzten pertsonengan, eta, zinez, espero dut euskal audioaren aro berrian pizgarri izatea. Eta, aukeran, Lokatza-ren bigarren denboraldia ere entzun nahiko nuke, nabarmenduen sekzioan dauden atalak duela hiru urtekoak baitira. Hala ere, hautatzeko katalogo itzela dago, eta horretara heltzeko aplikazioa jaitsi baino ez duzu egin behar.