Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Gu, hau

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Ostegunean, hilak 13, ospatu zen Irratiaren Mundu Eguna. Horren harira, komunikabide horren irakaskuntzan sumatu ditudan aldaketez hitz egitera gonbidatu ninduten Bilboko irrati batera. Asko aldatu dira gauzak, bai, bereziki euskarriak eta kontsumo moduak, ez hainbeste hizkuntza, eta ea irratia aditzen duten galdetzean gazteek ezetz erantzuten duten arren, pixka bat hazkatuz gero, Tik Tok-en topaturiko podcast baten izena itzuri zaie. Irratia beste behin ere berrasmatu delako seinalea, duda barik. Egongo da zuzendu eta gauza ezberdinak direla esango didana; horren adierazlea, podcastak bere eguna baduela, irailaren 30a, alegia.

Aurreko astean euskal podcastgintza irauliko omen duen Guau plataforma ekarri nuen moduan, aste honetan beste plataforma batzuei buruz hitz egin nahiko nuke. 2017an, Tropela elkartearen eskutik, abian jarri zuten podcastak.eus webgunea, euskaraz ekoizturiko berezko podcastak biltzeko eta ikusgaitasuna emateko asmoz. Bestalde, Zuzeu agerkariak bultzatuta Podcast.eus atarian berezko podcastak zein beste euskal komunikabideek egindakoak aurki daitezke. Bi horiei gehitu behar zaizkie hainbat irratik nahieran eskaintzen dituzten saioen katalogoak eta Arrosa Sarean eskuragarri daudenak. Badaude baita aurreko horietan topatzen ez diren podcastak ere, erdal itsaso batean sakabanaturiko euskarazko irlatxoak balira bezala, zenbaitetan elkarte edo norbanakoen iniziatiba bakartu eta ia ikusezinak. Eta, mapa osatzeko, aipatzekoa da EuskalPod izeneko podcasten topaketaren inguruan 2021ean sortu zuten Euskal Podcasten Elkartea. Horretan euskarazko saioen presentzia oso urria bada ere, agerian dago euskal labeldun podcastgintza bereizi eta bultzatzeko beharra sentitu zutela sortzaileek.

Poliki-poliki, Guau euskal podcastfera-rako leiho asko irekitzen joango direla argi badut ere, susmoa dut —askotariko arrazoiak direla medio— ez direla guztiak hor agertuko. Nire ustez, ez legoke gaizki euskaraz ekoizten diren podcast guztiak jasoko lituzkeen atari propioa izatea, non klik edo «gu, hau» batean zer entzun aukeratu ahalko genukeen. Horrek ez lituzke euskarazko saioak plataforma handietan ikusgai jarriko, baina euskal podcastgintzaren erakusleihoa izango litzateke, katalogoa benetan oparoa baita, ia gustu eta publiko guztientzako saioez osatua. Bitartean, ni bezalako aurkitzaileok detektibe lanetan jarraitzen dugu, saio interesgarriak gutxien esperotako lekuetan topatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.