Euskal Herriko Bilgune Feministaren lehenengo podcasta (eta oraingoz bakarra) dugu Gorputzen burujabetza izenburukoa. Iragarri dituzten hiru ataletako bi daude eskuragarri dagoeneko Youtuben, bideo formatua aukeratu baitute. Danele Sarriugarte Mochales idazleak gidatzen du solasaldia, eta berarekin Kattalin Miner kazetari, idazle eta aktibistak eta Lier Balantzegi Errasti sukaldari eta une honetan bigarren lerroan dagoen aktibistak trans borrokaren aldeko geltoki bat eskaintzen dute Zarauzko Arraio Irratiaren estudioetatik.
Maiatzaren 22an argitaraturiko lehenengo atalean trans politikak eta baliabideak izan zituzten hizpide, haien artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen trans legea; bigarrenean, berriz, erreakzio transfoboak eta horien aurka eraturiko erresistentziei buruz hitz egin dute. Aurreikuspenak betetzen badira, Euskal Herrian dauden erronkei buruz arituko dira hurrengo astean emitituko duten episodioan. Entzuleak gehiago jakiteko egarriz eta haiek, ziur nago, gauza asko kontatzeko beharrez, geratuko direlakoan nago, baina, podcast bat egitearen abantaila da bigarren denboraldi bati ekin ahal diotela, programazio eta maiztasunaren menpekotasunik gabe.
Interes handiz aditu ditut saioak, eta ez soilik Daneleren oso fan naizelako (nahiz eta ikasleei uzten ez diedan keinua egiten duen: sakelako telefonoko pantailatik gidoia irakurtzea, alegia). Arretaz jarraitu dut ,batzuetan beldur bainaiz nire zis begiradak eramaten nauela ezagutzen edo ulertzen ez dudana desitxuratzera, fokua behar ez den tokian jartzera. Podcast batek ezin du pentsaera aldarazi edo kolokan jarri, baina gai batzuk erdigunean jartzeko tresna izan daiteke, ikusgaitasuna emateko gunea, hedabide tradizionaletan aipatzen ez diren horiek edo, mintzagai direnean alteritatetik so egiten direnak. Solasaldi honetan, aldiz, bestea ni sentitu naiz: gonbidatu isila, baina inola ere ez pasiboa.
Saio bakoitza ixten duten azken esaldiak edo gomendioetan ematen dituzten erreferentziak ongi harrapatzeko, atzera eman eta izenak eta erreferentziak apuntatu ditut, noiz irakurriko ditudan ez dakidan arren. Izan ere, uda noiz datorren itxoiten ari naizen bitartean —lagun batek dio aurten astearte batean hasiko dela—, oso sustraituak ditudan pentsaera eta portaera batzuk deseraikitzen laguntzen didaten liburuak pilatzen ari zaizkit, eta entzun nahi ditudan podcast eta saioen zerrenda gero eta handiagoa dut zain.