Iraileko azken astelehenean programazio berria estreinatu zuen Ataun Irratiak. Ikasturteari ekin baino hilabete bat lehenago, berriz, beste berritasun bat iragarri zuen, saio guztiak biltzen dituen Nahibezala plataformaren diseinuaren gaurkotzea, alegia. Audioen bilduma ez ezik, bideoteka ere eskaintzen dute web orrian, baita saio edo eduki bakoitzaren inguruko informazioa ere; gainera, dena klik batean eskuratu ahal du entzuleak, ordenagailu, tableta edo sakelakoetara egokituta.
Esango nuke komunikabide handiago batzuek duten webgunea baino askoz hobea dela Goierriko irrati txiki horrek eskainitakoa, nabigatzeko erraza eta erakargarria. Irratiz irrati surfeatzen dudan honek askotan arazoak ditut bereizteko oraindik entzungai dauden saioak edo programazioak oso zaharkiturik geratzen diren erakusleiho digitaletan. Emanaldiekin jarraitzeko lan nahiko eta soberakoa dute baliabide gutxirekin eusten dioten tokian tokiko zenbait irratik!
Ez dakit hori den eskualde berean dauden Goierri Irrati Telebista eta Segura Irratiaren kasua. Lehenengoaren webgunean, zuzeneko emanaldia baino ez dugu eskura; euskarazko kateen aitzindarietako bat denari dagokionez, egunez eguneko programazioa iragarri arren, zaila da zenbait saiotako informazioan sartzea. Horrek, ordea, ez du galarazten beren helburu nagusia betetzea: hurbileko informazioa herritarrengana helaraztea… Bertako euskalkian ematea ere!
Ataun Irratiak, bere aldetik, herrian eta inguru hurbilenean gertatzen denaren berri emateaz gainera, ataundarrei konpainia eskaintzea du helburu, eta horretarako, bertan ekoitzitako irratsaioez gain, Arrosako edota sarea osatzen duten irratiek egindako edukiak eskaintzen ditu. Ibilbide berrian, goizero uhinetaraturiko Abaraska magazina eta euskal kulturako sortzaileen elkarrizketetan oinarrituriko Kultur Zast podcasta gehituko zaizkio ibilbide berria hasten den Bide Ertzean beteranoari. Aurreko urteetan bezala, formula musikalaren bidez lortzen dute 24/7 programazioa.
Duela urtebete inguru, bere existentzia ezagutu nuenean, lerro hauetan aitortu nuen miresgarria iruditzen zitzaidala halako irrati txiki batek bizirautea… Baina ez dut inozo agertu nahi, eta badakit jakin irudi optimista eta erromantiko horren atzean badagoela irrati-zale gazteen lana, askotan musu truk egindakoa. Babes ditzagun gure entzutearekin!