Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Gogoratu, mesedez

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ikusi al dituzue ETB1en ikusle datuak? Tira, ez dut uste inor ezustean harrapatu duenik %1,2ko ikusle kuota horrek. Datuak baino gehiago, sekula kateak izan duen kuotarik txikiena izateak bat baino gehiago asaldatuko zuen, ordea. Hala ere, eta jaitsiera horren arrazoiak aztertzen hasita, zartakoak zentzu osoa du. Krisi hau ETBren ahultasunak agerian uzten ari dela esan nizuen duela gutxi, eta bizi dugun «arrarotasun» hau, bizi genuen «normaltasunaren» normaltasunik eza gardentasun osoz agertzen ari zitzaigula.

ETB1ek zuzeneko kirol emanaldiak galdu ditu, hortxe dago koxka. Emanaldi horiek katearen audientzien %57 ziren; erdia baino gehiago, bai. Entzuna nuen hortik zehar, bere burua mundutartzat duen baina inor baino nazionalistago den horietako artabururen bati, euskarak txakurrei eta umeei hitz egiteko soilik balio zuela. Pozik egongo dira bera eta bere gisakoak, euskaldun guztion telebistaren agintarientzat kirol emanaldietarako bakarrik balio duela ikustean.

Ez dakit zer gehiago gertatu behar den agintariak arazoaren larritasunaz konturatzeko. Larritasun horrek zuzenean gure hizkuntzaren etorkizunari eragiten diola kontziente izateko. Geratu bost minutu, mesedez; eseri eta pentsatu egiten ari zareten horretan. Etzan, eta gogoratu zergatik abiatu genuen Euskal Telebista, zenbat ilusio zegoen lehen egun haietan, zeintzuk ziren helburuak, eta emaitzak. Zenbat saio gogoangarri egin zenituzten, eta nola markatu zuten belaunaldi oso bat. Azken finean, nola frogatu zenuten euskaraz telebista egin zitekeela, kalitatezkoa eta abangoardiakoa. Gogoratu, mesedez.

Gure hizkuntzaren egoera larria da, eta, gaur egun bizi ditugun garaietan, zaila izango du bizirik irautea telebista indartsurik gabe. Zergatik ari da hori gertatzen? Distantzia hartu eta hotzean begiratuz, badirudi, urruneko aginte bidez, eta inork aukeratu gabe, gurean gehiengorik ez duen norbaitek gidatzen duela ETBren estrategia. ETB1i limosna emanez, gure hizkuntzak mundu berrirako balio ez duela erakusten ari zaie belaunaldi berriei, eta trukean, parlamentuan «bakea» izatea da lortzen dugun, duzuen, gauza bakarra. Horrela jarraituz gero, eta gure hizkuntza galduta, zertarako nahi dugu, duzue, parlamentua, ordea? Nola heldu gara honaino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.