Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Gizarte osasuntsu bat

2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Duela hilabete batzuk Gaztearen Youtube kanalean ikus zitekeen Hiru Damatxoren Zutunik izeneko stand-up bakarrizketa saioaz hitz egin nizuen bezala, oraingo honetan Primeran plataforman topatu daitekeen Altxa Komedia saioa izango dut hizketagai. Bi artikuluen artean tarte handia egon den arren, ez pentsa bi saioak horrenbesteko tartearekin aurkeztu zirenik, ez: ia-ia garai bertsuan aurkeztu ziren biak. Batzuetan ikus-entzunezko eduki potenteak sortzeko nahikoa aurrekonturik ez dagoela esaten digute, eta beste batzuetan gai berbera duten bi saio batera ateratzen dira argitara: telebistaren enegarren paradoxa.

Baina betiko mesfidantzak alde batera utzita, eta oiloa arrautza baino lehenago izan ote zen galdetzera ausartu gabe, gertakari horren alde ona handiagoa dela aitortu behar dut; eta alde on horrek aurrekoan esan nuena berresten du: Euskal Herrian komedia garai osasuntsuan dagoela, alegia.

Hamabi atalez osatuta dago Altxa Komedia ikuskizuna, denak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean grabatuta. Ekoizpen aldetik txukuna da saioa; eta partaideen aukeraketak ere laguntzen du horretan. Izen batzuk jada ezagunagoak egin daitezkeen arren —Ana Goitia, Nerea Arriola edota Iker Plazaola Plaxa aipatuko nituzke— egia da ez direla euskal komediaren betiko izenak, eta horiez gain, nik sekula ikusi gabeko bakarrizketatzaile gazte batzuk ere ageri dira. Ordu laurden inguru irauten duen bakarrizketa bakoitzean, gonbidatu bakoitzak modu askean hautatu du bere gaia, eta horrek ikuskizuna oso heterogeneoa egiten du. Barrez lehertzeko momentu batzuk ere badaude bakarrizketa gehienetan; betiere, ikuslearen barre egiteko ahalmenaren araberakoak.

Gustuko dut EITBk honekiko apustua egitea. Izan ere, lehen euskal komedia osasuntsu dagoela esan badut, irakurketa hori urrunago eraman nahi nuke orain: honek erakusten du gero eta ahalmen handiagoa dugula geure buruaz barre egiteko. Gure konplexu historikoetatik askatzen ari garela, apurka-apurka, azaleko zelula hilak belaki batez erauzten ariko bagina bezala. Bere buruaz barre egiteko gai den gizarte bat gizarte osasuntsu bat baita. Eta bere buruaz barre egiten duen gizarte bati ateak irekitzen dizkion telebista, ondorioz, osasuntsu bilakatzeko bidean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.