urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Giza miseriak I

2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

Naziek Alemanian 1933. urtean hauteskundeak irabazi zituztenean, Reichstag-eko eraikinari su eman zioten. Errua igeltsero komunista bati bota zioten, eta gizona hiltzera kondenatu. Alemaniako Kondor Legioak 1937ko apirilean Gernika (Bizkaia) bonbardatu zuenean, erasoa gorrien kontua izan zela esan zuten nazionalek. Naziak, nazien gauzak egiten. Gizartea gezurrekin engainatu nahi izana ez dela XXI. mendeko asmakizuna, alegia.

Atzerriko film onenaren Oscar saria —baita soinu onenarena ere— Jonathan Glazer zinemagilearen The Zone of Interest filmak irabazi du aurten; iaz, Cannesen Epaimahaiaren Saria ere jaso zuen. Glazerren pelikulak orain arte ikusi gabeko ikuspuntu bat ematen du: Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren alboan, Rufdolf Hoss komandante nazia etxe eder batean bizi da. Haren bost seme-alabek eta emazteak garai hartarako erosotasun garestiak dituzte etxe horretan: igerileku bat, lore ederrak... Amaginarreba iritsiko da, eta komandantearen emazteak harro erakutsiko dio amari han «lortu dutena». Aita naziak ipuinen bat irakurriko dio gauean alabetako bati. Etxe horren lorategitik ikusten da, bestalde, Auschwitzeko errausketa labetik ateratzen den kea. Modu basatian hildako juduak ziren haietako gehienak.

The Zone of Interest filmaren trailerra.

Glazerrek, Oscar saria jaso zuenean, honako hitz hauek egin zituen: «Judaismoa eta holokaustoa okupazio batek bahitu ditu. Horrek gatazka batera eraman ditu herritar errugabe ugari. Israelen urriaren 7an izandako biktimak eta Gazako erasoetan izandakoak gizatasunik gabe eraildako biktimak dira guztiak. Nola iraun hori ikusita?». AEBetako juduen artean, askotariko erreakzioak izan ziren: hainbatek Glazerren kontra egin zuten —manifestu eta guzti—, eta beste batzuek Glazerren alde egin zuten.

Zaila da paralelismoak ez egitea 1940ko hamarkadan naziek juduekin egin zutenaren eta Israelgo armada —Benjamin Netanyahu genozida buru dela— palestinar herriarekin egiten ari denaren artean. Akaso ez da irtenbiderik onena Israelgo genozidei nazi deitzea. Jose Mari Pastor irakasleak 2013ko artikulu batean esan zuen arriskutsua zela denari nazi deitzea. Nahiz eta aitortu behar den gaur egun eskuin muturreko taldeetan agertzen direla nazien ikurrak. Eta nazien jokabideak izaten dituztela argi da. Israelgo genoziden gainean, berriz, zilegi da bestelako terminologia bat erabiltzea, historiaren mesedetan.

Edonola ere, ikus-entzunezko ikuskizunetara joz, maiatzaren 11ko gauak badu paralelismo pixka bat The Zone of Interest filmaren irudiekin. Eurovision musika jaialdia egin zuten larunbatean Malmon (Suedia): milioika herritar etxean Israelen kantaria ikusten, eta haren alde bozkatzen —sosak pagatu behar ziren horretarako, eta juduen diruek izango zuten eragina—. Jaialdia egiten ari zen eraikinaren kanpoaldean, milaka herritar protestan. Eta gau berean, Israelgo armada Gaza bonbardatzen. Hainbat haur ere hil zituzten gau berean. Israelgo armadan izena emateko gogoz dagoen kantari bati eman zioten askok botoa, beraz.

Palestinaren alde eta Israelen kontrako protesta, Malmon.
Israelek Eurovisionen parte hartzearen kontrako protesta, Malmon, Suedian, maiatzaren 11n. JOHAN NILSSON / EFE

Israelen genozidioaren aurka, protesta egitea da herritar gisa egin daitekeen gauza ñimiñoena. Hala egin dute AEBetako eta Europako dozenaka unibertsitate campusetan. Unibertsitateko ikasleen protesta horien aurka hitz egitea nahiko ekintza miserablea da. Genozidioa bera justifikatzea bezala da. Hala egin du, bada, Borja Senper PP alderdiko bozeramaileak, adierazi baitu ikasleak «Hamasen alde» ari direla protesta horietan.

«Galindoren laguna»

Askotarikoak dira giza miseriak, eta horietako batzuekin egiten dira tarteka ikus-entzunezko ekoizpen sentsazionalistak. Morboari izkin egin gabe, Netflix plataformak berriki El rey del cachopo dokumental saioa estreinatu du.

El rey del cachopo dokumental saioaren trailerra.

Cesar Roman izeneko gizaseme baten istorioa kontatzen du dokumental saioak. La Falange eta Plataforma per Catalunya alderdi politikoetan ibili zen garai batean, eta gaizki amaitu zuen eskuin muturreko talde horiekin. Ostalaritzan sari bat asmatu zuen, bere burua 'cachopo'-aren errege gisa aurkezteko hedabideen eta ospetsuen aurrean. Nartzisista hutsa da Roman, iruzurgilea, eta protagonista izatea baino ez du buruan. Are, kartzelan dela egiten dioten elkarrizketan, pozik ageri da bere gezurrak errepikatzen. Besteak beste, esaten du Enrique Rodriguez Galindo torturatzailearen laguna zela, eta 1990eko hamarkadan «ETAren sateliteak ziren taldeetan infiltratu» zela, hari informazioa pasatzeko. Egia den kontu bakarra da Heidi Paz gaztea hil zuela 2018ko abuztuan. Horregatik jarri zioten hamabost urteko espetxe zigorra. Horia eta sentsazionalista da dokumental saioa, baina behin ikusten hasi eta gero, zaila bihurtzen da amaierako kredituetaraino ez iristea. Datorren igandean, giza miseria gehiago.

'El Rey del Cachopo' dokumental saioa.
El Rey del cachopo dokumental saioa. NETFLIX / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.