urtzi urkizu
Kazetaritza

Giza miseriak II

2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Ryszard Kapuscinskiren arabera, kazetari ona izateko, «pertsona ona» izateaz gainera, hiru baldintza bete behar dira: «Lehena, sakrifizioa, zer gerta ere egunero eta orduero kazetari izan. Bigarrena, ikasmina, bizitza guztian zehar ikasteko prest egon. Eta, hirugarrena, kazetaritza ez dela aberasteko lanbidea gogoan izan». Kazetaritzan ari diren askoren kasuan, behintzat, ez da hala izaten. Aurreko astean naziak eta israeldarrak batu ziren giza miserietara. Gaurkoan kazetari batzuen txanda egokitu da.

«Gehiegi bizi izan zen putakumea». Hala dio irribarre batekin Federico Jimenez Losantosek Fidel Castroren inguruan. Hala dio TVEko En primicia saioan, Lara Siscarrek erakusten dionean Castroren argazkia, hari jartzen zion «Coma-andante» ezizenarekin. Telebista publiko batean halako hitzak esan ditzake, eta barre egingo diote, gainera. Orain irudikatu independentista katalan edo euskaldun bat politikari espainiar baten inguruan esaten «gehiegi bizi izan zen putakumea». Adierazpen askatasuna denentzat berdina dela esaten dute hor nonbait. Programa horretan, zorionez, protagonista guztiak ez dira Jimenez Losantos bezalakoak. Eta aste honetakoa Rosa Maria Calaf izan da. Donostian izan berri da Calaf, eta plazera da beti hura entzutea.

Antonio Fernandez Galiano eta Federico Jimenez Losantos. EFE
Antonio Fernandez Galiano eta Federico Jimenez Losantos. EFE

Bestelako sentimenduak eragiten dituzte, aldiz, Jimenez Losantosek eta Eduardo Indak (Iruñea, 1967) mikrofono batek elkartzen dituenean. Aurreko batean, honako hau esan zuen Indak: «Espainian funtzionatzen duen bakarrak dira Real Madril, Guardia Zibila, Polizia, El Corte Ingles eta erregea». Losantosen ñabardura: «Polizia... baldin eta». Indak: «Gainontzekoa zakarretara». Losantosek: «Bai, jauna». Real Madril ez dute kasualitatez aipatu, Florentino Perez futbol taldeko presidenteak palko garestietara gonbidatzen baititu sarri.

Losantos eta Inda hainbatetan eraman dituzte auzitara; lehena gehiago irainengatik eta difamazioagatik, bigarrena informazio faltsuak zabaltzeagatik. Edonola ere, Inda behin eta berriz gonbidatu izan dute La Sexta kateko solasaldietara. Kate horretan ahots nabarmenik baldin bada, Antonio Garcia Ferrerasena da. Pablo Iglesiasek duela bi urte podcast batzuetan agerian utzi zuen zer-nolako gerra zikinetan murgildua zegoen Ferreras. Jose Manuel Villarejo estolderietako polizia ohiarekin zituen tratuak azaleratu ziren audio batzuetan. Halakoetan, polizia torturatzaileak saritzen dituzten bezala, kazetaria saritu egiten du boterekerian aritzen denak —kazetaritza independentean sinisten duten herrialdeetan ez da halakorik gertatzen—. Ferreras saritu du, esate baterako, Espainiako Guardia Zibilak. Duela gutxi izan zen hori, urte honetako urtarrilaren 18an.

Antonio Garcia Ferreras kazetaria Espainiako Guardia Zibilaren sari bat jasotzen.
Antonio Garcia Ferreras kazetaria Espainiako Guardia Zibilaren sari bat jasotzen, urtarrilaren 18an. J. P. GANDUL / EFE

Halako jokabideen aurrean nekez da ulergarria Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Ferrerasen deia onartu eta haren saioan elkarrizketa egitera joatea. Argi da: presidentearen kontzeptu hutsala da «lohiaren makineria», eta horren aurka erabakiak hartzeko asmo hura. Hain zuzen ere, makineria horretan ari den kazetari bat ari baita justifikatzen Sanchez: Ferreras.

Beste egun baterako utziko dugu, bestalde, ostiralean ETB1eko Biba zuek! magazinean J Martina taldekoekin gertatu zena.

Sexu erasotzaileak

Kapuscinskik aipatzen zuen «kazetari izateko pertsona ona izan» definiziotik beste muturrean dago, bestalde, Patrick Poivre d'Arvor. Sexu jazarpenagatik, sexu indarkeriagatik eta bortxaketagatik salatu dute 26 emakumek —gehiago izan ziren erasoren bat jasandakoak, eta berrogei publikoki mintzatu dira—. Haien artean, Nora Arbelbide euskalduna. Kazetari eta albistegietako aurkezle ohia erretiratua dago, eta salaketak jarri zizkioten hamasei emakumeren kontrako salaketa jarri zuen, difamazioagatik. Asteazken honetan bertan BERRIAren azaleko lerroburu nagusiak honako hau zekarren: «Erasotzailea biktima bihurtu nahi dute». Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren auziari zegokion, baina balio dezake Poivre d'Arvorrentzat ere. Kontua da, kazetari frantsesaren auzian, hiru bortxaketa eta sexu eraso baten salaketetan instrukzioak aurrera segitzen duela. Epaileen esku da auzia. Hotzikara eragiten du biktimen kontakizunak. Zer-nolako boterekeriaz jokatu zuen sexu jazartzaile frantsesak.

Arretaz ikusi beharko da zer gertatzen den Sebastian Cauet irrati eta telebista aurkezlearekin. 1997 eta 2014 artean lau bortxaketa eta sexu abusuen eraso bat egiteagatik ikertzen ari dira. Beste emakume batzuek ere salatu dituzte aurkezle horrek egindako erasoak.

Cannesko zinemaldia bart amaitu da. Eta han beste sexu erasotzaile baten izena eman dute argitara: Alain Sarde zinema ekoizlea. Bederatzi emakumek egin dute sexu erasoen salaketa. Egin dadila justizia, biktimen sufrimenduak ez baitu inoiz preskribatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.