«Feminista izateagatik indarkeria jasaten dugu, gizena izateagatik are indarkeria gehiago, eta, zer esanik ez, lesbiana eta etorkina izateagatik». Interneteko sare sozialetan emakume ugarik jasotzen dituzten irain eta erasoen inguruan mintzo zen Irantzu Varela, BERRIAk aurtengo urtarrilaren 7an argitaratu zuen erreportajean. Artikulu berean, Ane Lindane umoristak ere kontatu zituen jasan izan dituen erasoak. Eraso matxistak, kasu askotan. Soslai anonimoetatik egiten dizkiete irain gehienak. «Eskuin muturreko matxistek astakeria ikaragarriak esaten dituzte, eta ez da ezer pasatzen», esan zuen Lindanek. Giza miseria benetan pobrea da Interneteko sare sozial batean kontu anonimo bat sortu eta bertatik izen-abizenak dituzten pertsonak iraintzea. Erasotzea. Jazarpen digitala XXI. mendeko gaitzetako bat da.
Badira urte batzuk halakoak naturalizatu direla. Zazpi urte atzera eginez gero, Itziar Ituño aktorearen aurka saien kanpaina bat zabaldu zuten sareetan. Antzera gertatu zitzaion Miren Gaztañaga aktoreari, Euskalduna naiz eta zu? ETBko umorezko saioan Espainiari buruzko estreotipoen gaineko jokoari erantzun ziolako. BERRIAk bi aktoreak elkarrizketatu zituen urte hartako udan. Hona hemen Ituñoren hitzak: «Sorgin ehiza egin da Gotzon Sanchezen kasuan, Mirenen kasuan eta neurean. Aurretik, Aitor Merinoren eta Julio Medemen kasuan ere bai. Testuingurua ezberdina izan daiteke, baina guztietan egon da pertsekuzio bat, pertsona baten karrera eta ogibidea zapaltzeko». Komunikabide erreakzionarioek egin izan dute hori batzuetan. Gaur egun, sua kontu anonimoek pizten dute sare sozialetan —X sarean, gehienbat—.
Eraso oldarraldi gehiago ageri dira sareetan. Silvia Intxaurrondo TVEko kazetariak ere (Santurtzi, Bizkaia, 1980) azkeneko asteetan makina bat irain jaso ditu X sare sozialean; El Mundo egunkariak haren aurka argitaratu dituen albiste faltsu batzuek ere lagundu dute horretan. Eta Ituñok berak bere aurkako beste kanpaina bat jasan zuen urtearen hasieran, Sarek deitutako manifestazioan parte hartu ostean. Are gehiago, egun haietan ere zera gertatu zen: Ituño defendatzen azaldu zirenen aurkako irainak eta erasoak jaurti zituzten sareetan. Beste hainbeste gertatu zen Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ekin ere.
Faxistei nola erantzun
Euskal komunitate digitalean, askok aipatzen dute troll erasotzaileei ez zaiela erantzun behar. Haiei bazka ematea dela. Badira, ordea, erasoei umorez erantzuten dioten herritarrak; Lindane maistra da horretan.
Beste alde batetik, Interneteko sare sozialetan giza miseriaz betetako bideoak agertzen dira azkenaldian. Israelgo armadakoek palestinarren inguruan egindako sasi-esketxak dira adibide gorrotagarrienak. Eta, bestetik, bada Cake Minuesa izeneko faxista bat kalean bereak eta bi egiten aritzen dena. Xabier Lapitz ETB2ko En jake saioko aurkezleak aurreko batean erantzun egin zion Bilbon kalean. Eta, ondotik, Lapitzek ondo definitu zuen X sare sozialean: «Bai, miserable bat dela esan nion». Mezu horren azpiko erantzunetan denetarik dago: Lapitzi babesa adierazten diote batzuek, eta haren kontrako irainak egiten dituzte beste batzuek. Ez da lehen aldia Lapitzek erasoak jasotzen dituena. Testuinguru horretan, argi ikusten den zerbait zera da: gaztelaniaz aritzen diren euskal kazetariek irain gehiago jasotzen dituzte euskara hutsean aritzen direnek baino.
Kontua da mezu euskarafoboak ere sarri ikusten direla. Bada denbora bat Twitterren —orain, X— aritzen ziren euskaldun batzuk Mastodon sare sozialera pasatu zirela, eta sare banatu horretako giroa bestelakoa da: lasaiagoa. Errespetuzko eremu bat da Mastodon, oro har.
Ulertu ezinezko kontu batzuk badira, bestalde, X sare sozialean zabaltzen diren irain eta erasoetatik eratorriak. Maddalen Arzallusek 2022ko urriaren 16an kartzelaldi luzeen gaineko gogoeta plazaratu zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan, musikatutako bertsoen bidez, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatuta. Muturreko batzuen gorroto mezuek eraman zuten ziur aski EITBko zuzendaritza bertso haiek webgunetik kentzera (egoera baliatzen duen biktimen elkarte bat tartean bada, zer esanik ez). «Zentsura» salatu zuten EITBko langile batzordeek handik egun gutxira. Eta galdera da ea irrati-telebista publikoak gorroto, irain eta eraso eremu horretan zabaltzen diren mezuen arabera hartu behar ote dituen erabakiak.