gaizka izagirre
'Ekografiak'

Genero identitatea

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Crossing, Bilboko Zinegoak jaialdian saritu zuten filma eta berriki Filminen lurreratu dena (gaur bertan), argibide bitxi batekin hasten da: filma jatorrizko hizkuntzan ikusten dugunean, azalduko diren azpitituluek bi hizki mota dituztela dio, etzana eta biribildua. Bata georgiera adierazteko da, eta bestea turkiera. Mintzairak ulertu ez arren, bi hizkuntzak bereizteko ariketa polita egitea proposatzen du. Ez hori bakarrik, jatorrizko hizkuntzan ikustearen beharra azpimarratzen da; izan ere, bi hizkuntza horiek, euskarak bezala, ez dute genero bereizketarik egiten. Filmaren gaiarekin eta testuinguruarekin lotura zuzena duen zerbait da, 20.000 especies de abejas film ederrean ere argi geratu zen moduan.

Liak, irakasle erretiratu batek, aspaldi galdutako iloba Tekla aurkituko duela agindu dio bere buruari. Bilaketak Istanbulera darama, eta han Evrim ezagutuko du, transexualen eskubideen alde borrokatzen den abokatu bat. Haren aurkikuntzarekin, Tekla inoiz baino gertuago sentitzen hasiko da.

Kontakizunaren bihotza Lia da, baina baita bidaian ezagutuko dituen nerabea eta abokatua ere. Istanbul hiria ere kontakizuneko beste pertsonaia izango da. Hiri zaratatsua bikainki erretratatzen du. Zoragarria da zeinen ondo transmititzen den bertako giroa eta esentzia eta zeinen garrantzitsua den pertsonaien garapenean. «Jendea desagertzera datorren lekua da», aipatzen du Liak eszena batean.

Istorioa pantailaratzeko errealismoaren bidea aukeratu du Akinek, eta hunkigarria bezain zorrotza den film bat osatu du. Ez nuke esango dokumental kutsua duenik, baina badu cinéma vérité estiloarenesentzia. Oso benetakoa sentitzen den errealitate jakin bat islatzen du, baina manipulatu gabe eta drama errazean erori gabe; istorio horiek beti egon dira hor, baina gizarteko oihal transfobo eta homofoboek ezkutatuta.

Geldirik ez dauden kamera eta pertsonaiak direla medio, queer road movie polita eta nabarmena osatu du; tankerako film gehienekin gertatzen den bezala, bidaia fisikoa baino gehiago, pertsonaien barnera egiten den bidaia da garrantzitsuena. Familia hausturak, herri txikien tradizioak eta Georgia bezalako herrialde batean pertsona trans gisa bizitzeko dauden zailtasunak aztertzen dira. Hunkigarria eta ederra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.