Artikulu hau idazten hasi aurretik, lan honen existentzia Gaizka Izagirreri zor diodala esango dut, berak gomendatu baitzidan telesaila. Hain zuzen ere, Toxic Town telesaila —Netflix— 2025eko otsailetik dago ikusgai eta nik, behintzat, Izagirrerengatik ez balitz ez nuke honen berri izango. Horregatik izan da hain sorpresa polita publizitate handirik izan ez duen lan eder horrekin topo egitea.
Toxic Town telesailak benetan jazotako gertakari bat du oinarri: Corby herri britainiarreko hainbat amak herriko udaletxearen kontra eramandako epaiketa-prozesua. Izan ere, bertako altzairu-fabrika bat itxi ostean, hondakin toxikoak lehenbailehen lurperatzeko agindua eman zuen udaletxeak, horretarako babesik gabeko kamioiak erabiliz; horrek airean kontaminazio handia egotea eragin zuen eta, ondorioz, inguruan bizi ziren familietan jaiotako haurrek zenbait malformazio eta gaixotasun garatu zituzten haurdunaldi garaian.
Epaiketa prozesu bat kontatzen duen fikzio tipiko horretatik harago, telesailak ama protagonisten drama kontatzen asmatzen du gehien. Eta, benetan, Jodie Whitaker, Aimee Lou Wood eta Claudie Jessieren lana bikaina da telesailak irauten dituen lau ataletan. Gorpuzten dituzten pertsonak benetakoak dira: lehena da protagonista, berak interpretatzen duen Susan McIntyre izan baitzen prozesu legala lideratu zuen ama. Bere bigarren semea hatzik gabeko esku batekin jaio zen. Lou Wooden pertsonaiaren kasuan —Sex Education-en eta The White Lotus-en ikus dezakeguna, besteak beste—, bere lehen alaba giltzurrunik gabe jaio zen, eta bihotzen bi kamerarekin, lauren ordez.
Rol garrantzitsua jokatzen dute, halaber, beste hainbat gizonek: Robert Carlyle aktoreak gorpuzten duen Sam Hagen zinegotziak udal ustel horretako politikari garbi bakarra dela frogatzen du; Rory Kinnearrek ama horiek sinesten dituen abokatuaren rola egiten du; Stephen McMillanek udalak kontratatutako ingeniari gaztearena, zeinak zaborraren kudeaketa kaxkarraren susmoa hasieratik duen; eta Joe Dempsiek, zaborra azkar eta babesik gabe garraiatzeagatik soldata handiagoa irabazten duen kamioilariarena.
Euskal Herriko zenbait eremutan erresonantzia izan dezakeen istorio bat da. Chernobyl gustatu bazaizu, ikusi beharreko telesaila duzu hau.